Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Energiaren kontsumoa murrizteko informazio erabilgarria guztiontzat

 

Hemen, zure eskura jartzen dugu energia kontsumoa murrizteari eta eraginkortasun energetikoari buruzko informazioa.

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

10 aholku berokuntzan energia aurrezteko

10 aholku berokuntzan energia aurrezteko

Iturria: El País, IDAE, TINKOSTS. Aholku hauek deskargatu nahi badituzu, sakatu hemen.

  1. Zirrikituaren bila. Ateak eta leihoak begiratu behar dira kanpoko airea nondik sartzen den aurkitzeko eta hori ez gertatzeko modu seguru eta egoki bat bilatzeko. Segurtasuna dela-eta irekita utzi behar ditugunen kasuan (ke irteerak, aireztatze zirrikituak) hobe da erabiltzen ez ditugunean gela horietako ateak itxita izatea. Neurri erraz horrekin % 30 murriztu dezakegu gure erregaiaren gastua.
  2. Behar dena aireztatzea. Jakina da gelak aireztatu behar direla. Gomendioa da leihoak asko jota hamar minutu irekita uztea, hormak eta zorua hoztu gabe airea berritzeko nahikoa denbora baita. Horrela eragotziko da energia gehiago kontsumitzea airea berriz ere berotzeko.
  3. Argia beroa da. Europako iparraldera bidaiatzen dugunean pertsianarik ez egoteak harritzen gaitu. Baina han jakitun dira etxe bizitza baten erosotasuna bermatzeko garaian argi zentimetro kubiko bakoitza funtsezkoa dela. Zure etxeak leihoak eguzkirantz baditu -bereziki hegoaldera begira badaude- pertsianak eta errezelak irekita eduki egunez eta gauean itxi isolamendua sendotzeko.
  4. Aireak (berogailuaren barrukoak) ez du berotzen. Ura duten erradiadoreak galdaran berotzen den likidoa erabiltzen dute, honek berotzen du erradiadoreen metala. Zure etxekoak honelakoak badira, urtean behin behintzat -hotzak hasi baino lehen hobeto- purgatu. Ura oztoporik gabe ibiltzen bada, eraginkorragoak izango dira eta aurrezpena handitu egingo da.
  5. Berogailuak ez dira estaltzen, nahiz eta oso itsusiak izan. Berogailuak estaltzekoak, errezelak, apalak eta abarrek efektu konbektiboa gutxitzen dutenez, hobe da estali gabe uztea.
  6. Berogailua ez da lehorgailua. Arropa berogailuen gainean jartzerakoan airea hezetasun deserosoz betetzen da, berogailuaren eraginkortasun energetikoa murrizten da eta bai, energia gehiago kontsumitzen da. Gogoratu arropa lehortzeko modu onena haizetan zintzilikatzea dela.
  7. Termostatoaren garrantzia. Ia nahitaezkoa da berogailua etxeko tenperaturaren arabera automatikoki piztu eta itzaltzen den sistema bat izatea. Gela bakoitzean banakako termostatoak ere instalatu daitezke.
  8. Erosotasun tenperatura. Gure eguneko bizitzan gusturago gauden tenperatura 19 eta 21 gradu bitartekoa da. Lotarako 15 eta 17 graduko tenperatura gomendatzen da. Gainera, 23 gradutik gorako tenperaturek airea lehortzen dute eta deserosotasuna sortzen dute. Kontuan hartu behar da tenperatura gradu bat igotzen denean erregaiaren gastua % 7 igotzen dela eta hortaz, beste aukera batzuk aztertzea komeni da —manta edo jertsea, adibidez— termostatoa ikutu aurretik.
  9. Galdara 70 gradutan. Banakako galdarak kontuan hartu behar den beste tenperatura bat dute, hau da, barneko tenperatura. Instalatzaileari galdetu behar zaio galdararen tenperatura egokia zein den. Orokorrean, galdarak 70 gradutan izatea gomendatzen da. Horrela, batetik energiaren galerak murriztu daitezke eta bestetik, tenperatura handiek sortu dezaketen deserosotasuna edo paretetan orbanak sortzea eragotzi.
  10. Tenperatura bakoitza bere orduan. Gero eta ekipamendu gehiago daude berogailuaren funtzionamendua programatu dezaketenak, baita smartphone moduko mugikorren bitartez ere. Berokuntza sistema piztea eta itzaltzea gure ordutegira egokitzen badugu energia aurreztu dezakegu. Eta jakina, etxean ez bagaude, berogailua itzalita utzi behar da.