Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Aldundiak eta AZTIk programa pilotua aurkeztu dute bainularien segurtasuna eta eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko

• Zarautzen ezarri den programa pilotuak olatu-guneak aurreikusiko ditu eta sorospen zerbitzuak babestuko ditu. Horrela, itsasaldien arrisku eremuak mugatuko ditu eta bainu seguruagoak eskainiko dira. • KOSTASystem bideo-monitorizazio sistema izango du erabiltzaileei buruzko datuak ezagutzeko eta GPS sistema bat hondarraren distribuzioa ikertzeko. • Informazio-puntu ibiltari bat jarri da ere Zarauzko hondartzan Gipuzkoako hondartzen erabilera eta zaintza arduratsua sustatzeko. Hilaren 18ra arte egongo da bertan. • Bertan hondartzak arduraz erabiltzeko gomendioak emango dira eta hondakinak behar bezala bildu eta bereizteko mini-edukiontziak banatuko dira. • Asensio: “Hobekuntza guzti hauen bitartez, herritarrei kalitatezko eta bikaintasuneko zerbitzua eskaini nahi diegu eta gure hondartzen egoera beti hoberena izatea lortu nahi dugu”.

2017·07·13


Aldundiak eta AZTIk programa pilotua aurkeztu dute bainularien segurtasuna eta eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Xabier Txurruka Zarauzko Alkateak, Gloria Vázquez Zarauzko Udalako Ingurumeneko zinegotziak eta Javier Pradini Emaús Gizarte Fundazioaren Zuzendari Nagusiak, Aldundiak Gipuzkoako hondartzetan ardurazko erabilera sustatzeko egin duen 2017ko sentsibilizazio-kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Zarauzko hondartzan. Kanpainaren izena “zain ditzagun gure hondartzak” da.

 

Halaber, Departamentuak AZTIrekin batera Zarautzen ezarritako programa pilotua aurkeztu du. Kostasystem bideo-monitorizazio sistemaren ezarpenaren bitartez. “Hobekuntza guzti hauen bitartez, herritarrei kalitatezko eta bikaintasuneko zerbitzua eskaini nahi diegu eta gure hondartzen egoera beti hoberena izatea lortu nahi dugu”, adierazi du Ingurumeneko Diputatuak. Sistema honi esker, hondartzen kudeaketa egokirako eta herritarrei zerbitzu ona eskaintzeko funtsezko bi informazio eskuratuko dugu:  

 

Hondartza guztietako erabiltzaile kopuruari buruzko datuak (dentsitatea); datu hauek udako denboraldiaren bukaeran edukiko ditugu (iraila-urria). Oraindik ez dago gure hondartzetan erabiltzaileei buruzko datu errealik, sistema honi esker datu hauek lortuko ditugu, denboraldietako zerbitzuen plangintza egiteko, baliabideen banaketa hobea egiteko (ez soilik garbiketa baliabideena), eskaintza eta eskariari egokitutako zerbitzu ona emateko eta arazoak aurreikusi eta konponbidea emateko.

 

Arriskuen planoak (olatuen aurreikuspena) sorospen lanei eta salbamenduari laguntza emateko. Aurten, lehendabizikoz eta proiektu pilotu moduan, Zarauzko hondartzan zerbitzu berria instalatuko da. Zarauzko hondartzak dagoeneko badu kamera bat (AZTIk kudeatua eta Udalaren jabetzakoa), honi esker, aldez aurretik olatu-gunei edo itsasaldien arrisku-gunei buruzko informazio osagarria eskuratu ahal izango da. Horrela, sorospen eta salbamendu zerbitzuek hondartzetan mugatutako eremuak edo arrisku eremuak ezarriko dituzte, bainu seguruagoak edukitzeko. Ekimen hau hurrengo urteetan zehar gainerako hondartzetara hedatu daiteke.

 

Informazio gune ibiltaria

 

Informazio gune ibiltari hau dagoeneko Hondarribia, Zumaia eta Orioko hondartzetan zehar ibili da. Orain Zarauzko hondartzan dago (gaurtik hilaren 18ra artean), gero Donostiako Zurriola, Getaria, Mutriku, Deba eta azkenik Donostiako Ondarreta hondartzak bisitatuko ditu. Ondarretan amaituko da kanpaina irailaren 4an. Egunero egongo da zabalik 11:00tik 19:30ak bitartean.

 

Kanpainaren helburua da gure hondartzetan ardurazko erabilera iraunkorraren garrantziaren inguruan sentsibilizatzea, aisialdiari, turismoari eta kirolari dagokionez. Horretarako, informazio-puntu ibiltaria jarri da. Informazio-puntu horretan Gipuzkoako hondartzei buruzko informazio orokorra aurkitzeaz gain, ardurazko erabilerarako gomendioak eta Emaús Gizarte Fundazioak SINdesperdicio markaren bitartez abiarazitako TOLDOSS proiektuari buruzko informazioa ere jaso daiteke.

 

Ingurumeneko diputatuak adierazi du Sailaren helburu estrategikoetako bat dela lurraldeko hondartzen bikaintasunerantz aurrera egitea: “Horretarako, beharrezkoa da koordinazio ona lortzea eta lehentasuna da guretzat hondartzen kudeaketa integralerako politika garatzea, uraren, harearen eta zerbitzuen behar bezalako kudeaketa barne hartuta”.

 

Hondartzetan bikaintasuna lortzeko urte honetan Departamentuak emandako urratsak azaldu ditu: garbiketan eta mantentze-lanetan hobetu da, garbiketa-lanen zaintza indartu da, tokiko agintaritzekin koordinazio-mahaia abiatu da, itsas-hondakinak sortzea zuzendu eta prebenitu da, eta beste hainbat informazio- eta sentsibilizazio-jarduera egin dira.

 

Informazio-puntu ibiltarian eskuragarri egongo den informazioa

 

1.- Gipuzkoako hondartzen inguruko informazio orokorra: kokapena, ezaugarriak, baldintza ozeano-meteorologikoak, zerbitzuak, webcama, etab. Informazio ugari dago eskuragarri gure webgunean (www.gipuzkoaingurumena.eus), baita udalerrien webguneetan eta adierazitako intereseko beste esteketan ere.

 

2.- Hondartzetan ardurazko erabilerarako gomendioak. Kale-hezitzaileek helaraziko dizkiete erabiltzaileei, informazio-liburuxkak eta hondartzetarako mini-edukiontziak banatuko dituzte. Hondartzetan izan ohi dugun jarrerarekin lotutako gomendioak izango dira, baita hondartzak zaintzeko norberak zer eskain dezakeenaren ingurukoak ere. Adibidez: hondakinak behar bezala bildu eta bereiztea, udal-ordenamenduak errespetatzea (kanpatzea, sua, zakurrak, etab.), kanpoko dutxetan ura aurreztu eta xaboirik ez erabiltzea, flora eta fauna ez kaltetzea (molusku txikiak eta krustazeoak, etab.), zerbitzu publikoak erabiltzea, dunak errespetatzea, etab.

 

3.- Sail honen hondakin-kudeaketarako politikan aurrera egiten jarraitzeko, ekonomia zirkularrerantz: “hondakina ala lehengaia”. Horretarako, Ekonomia Zirkularraren esperientzia jarriko da balioan, hondartzetako hondakin ezagunenetako baten bitartez: toldo zaharren tela. TOLDOSS proiektua Emaús Gizarte Fundazioak abiarazi du SINdesperdicio markaren bitartez, HARIA eta GALARRE sortzaile berriekin batera. Proiektu honek hondakina berreskuratu (toldo zaharren tela, kasu honetan) eta gauza berriak fabrikatzeko baliabide bihurtzen du: poltsak, kapazuak, motxilak, nezeserrak, amantalak, alpargatak eta abar fabrika daitezke. Proiektuak, gainera, enplegu solidarioa sortzeko aukera ematen du, ekonomia zirkularrerantz aurrera egitea ingurumenean, hazkuntza ekonomikoan eta enplegu berde eta sozialean aurrera egitea delako, kasu honetan bezala.

 

Informazio-puntu ibiltariaren hurrengo datak

 

  • Uztailaren 10etik uztailaren 18ra: ZARAUZko hondartza
  • Uztailaren 19tik uztailaren 31ra: Zurriolako hondartza - DONOSTIA
  • Abuztuaren 1etik 7ra: Malkorbe hondartza - GETARIA
  • Abuztuaren 8tik 14ra: Portu hondartza - MUTRIKU
  • Abuztuaren 15etik 21era: Santiago hondartza - DEBA
  • Abuztuaren 22tik irailaren 4ra: Ondarreta hondartza - DONOSTIA

 

Ordutegia 11:00etatik 19:30etara izango da, egunero. Informazio-puntuaren kokapen zehatza udalerri bakoitzaren tokiko hedabideen bidez helaraziko da.