Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Aldundiak Gipuzkoako hondartzen ardurazko erabilera eta zaintzarako sentsibilizazio-kanpaina abiarazi du

• Informazio-puntu ibiltari bat jarriko da, eta udan zehar lurraldeko 8 hondartza-udalerriak zeharkatuko ditu. • Bertan, hondartzak arduraz erabiltzeko gomendioak emango dira, baita hondakinak behar bezala bildu eta bereizteko mini-edukiontziak banatu ere. • Asensio: “Gure helburu estrategikoetako bat da gure hondartzetan bikaintasunerantz aurrera egitea. Horretarako, beharrezkoa da koordinazio ona lortzea eta lehentasuna da guretzat hondartzen kudeaketa integralerako politika garatzea”.

2017·06·16


Aldundiak Gipuzkoako hondartzen ardurazko erabilera eta zaintzarako sentsibilizazio-kanpaina abiarazi du

José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Juan Mari Altuna Hondarribiko Udalako Lehen alkateordeak eta Iosu Álvarez, Hondarribiko Udalako zinegotziak, Aldundiak Gipuzkoako hondartzetan ardurazko erabilera sustatzeko 2017ko sentsibilizazio-kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Hondarribiako hondartzan. Kanpainaren izena “zain ditzagun gure hondartzak” da.

 

Kanpainaren helburua da gure hondartzetan ardurazko erabilera iraunkorraren garrantziaren inguruan sentsibilizatzea, aisialdiari, turismoari eta kirolari dagokionez. Horretarako, informazio-puntu ibiltaria jarriko da, eta udan zehar lurraldeko 8 hondartza-udalerriak zeharkatuko ditu. Informazio-puntu horretan Gipuzkoako hondartzei buruzko informazio orokorra aurkitzeaz gain, ardurazko erabilerarako gomendioak eta Emaús Gizarte Fundazioak SINdesperdicio markaren bitartez abiarazitako TOLDOSS proiektuari buruzko informazioa ere jaso daiteke. Informazio-puntu ibiltaria Gipuzkoako hondartzetan barna ibiliko da ekainaren 14tik irailaren 4ra bitarte; Hondarribian hasiko da eta Donostiako Ondarreta hondartzan amaituko da.

 

Asensiok hondartzen uda-denboraldiari hasiera ofiziala eman zion pasa den ekainaren 8an Antillako hondartzan, Orion. Hasiera-ekitaldian Ingurumen Sailak azken urtean zehar hondartzetan bikaintasuna lortzeko emandako urratsak azaldu zituen: garbiketan eta mantentze-lanetan hobetu da, garbiketa-lanen zaintza indartu da, tokiko agintaritzekin koordinazio-mahaia abiatu da, itsas-hondakinak sortzea zuzendu eta prebenitu da, eta beste hainbat informazio- eta sentsibilizazio-jarduera egin dira. Zehazki, adierazi zuen salbamendu-zerbitzuak laguntzeko sistema berria ezarri dela; mareak eta olatuak bideo bidez monitorizatu ahal dira, gure hondartzetako erabileraren inguruko benetako datuak jasotzeko (zenbaketa adimendunari esker). Horrez gain, Zarauzko proiektu pilotua ere azaldu zuen, hori Gipuzkoako gainerako hondartzetara luzatuko da eta arrisku-guneak mugatu eta bainu seguruagoa bermatzeko aukera emango du.

 

Ingurumen diputatuak adierazi du Sailaren helburu estrategikoetako bat dela lurraldeko hondartzen bikaintasunerantz aurrera egitea: “Horretarako, beharrezkoa da koordinazio ona lortzea eta lehentasuna da guretzat hondartzen kudeaketa integralerako politika garatzea, uraren, harearen eta zerbitzuen behar bezalako kudeaketa barne hartuta”.