Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Aldundiak Hondakinen Plan berriaren (GHHKPO 2019-2030) inguruko partaidetzazko prozesua martxan jarri du

José Ignacio Asensio: “Plan berriak (GHHKPO 2019-2030) hondakinen birziklatzearen eta balorizazioaren zirkulua itxiko du, helburutzat ezartzen du birziklapenean %70a lortzea eta Gipuzkoa prest utziko du ekonomia zirkularraren eta klima aldaketaren erronkari aurre egiteko”. Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondakinen Plan berriaren partaidetzazko deliberazio prozesuari hasiera eman dio gizarte eragileei eta herritarrei plan berrian parte hartzeko aukera zabaltzeko.

2018·09·11


Aldundiak Hondakinen Plan berriaren (GHHKPO 2019-2030) inguruko partaidetzazko prozesua martxan jarri du

Ingurumeneko diputatuak, José Ignacio Asensiok, Hondakien Plan berriaren (GHHKPO 2019-2030) partaidetzazko deliberazio prozesua aurkeztu du. Gipuzkoako Ingurumen Guneko lehen eta bigarren faseetako lanak esleitu eta abian jarri ondoren, zeintzuk datorren urteko uda hasierako amaitzekoak diren, Ingurumeneko Departamentuak hondakinen plan berri bati hasierako onarpena eman zion 2018ko uztailak 25eko foru aginduaren bidez, GHHKPO 2019-2030 izenekoa. Foru arau berriak ezarriko ditu lurraldearen helburuak arlo horretan, beti ere lehenengo GHHKPOk (7/2008 FA) bere garaian zehaztutakoak lortu ondoren eta plangintza agiri hartan aurreikusitako azpiegitura guztiak osatu ondoren. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi du jauzi kualitatibo handi bat dela, izan ere plan berriari esker “lehenengo aldiz, Gipuzkoak hondakinen plan bati helduko dio Europako herrialde garatuenen baldintza beretan”. Plangintza berriak helburu du 2030ean birziklapenean %70a lortzea, materia honetan Europak ezartzen duen xedea gaindituz, %65a ezartzen baitu.

 

Gaur, hasiera ematen zaio partaidetzazko deliberazio prozesuari, bi hilabeteko iraupena izango du eta gizarte eragileei zein herritarrei plan berrian parte hartzeko aukera emango die. Proiektua hiru fasetan garatuko da: lehendabiziko fase informatiboa gaur hasten dena eta hilaren 28ra arte gauzatuko dena; bigarren deliberazio fasea urriko bigarren hamabostaldian egingo dena; eta emaitzen itzultze azken fasea urriaren eta azaroaren bitartean ospatuko dena. Informazio eta deliberazio faseetan informazio horniketa egingo da gardetasunez zirriborroari eta partaidetzazko ereduari ekarpenak egin ahal izateko; materiarekin zerikusia duten talde ugarirekin bilerak egingo dira ere. Azkenik, emaitzen itzultze fasean, prozesuan dauden eragileekin itzultze batzarrak egingo dira, baita talde politiko anitzekin ere. Herritarrentzako on-line plataforma egongo da ere eta komunikazio zein hedaketa jarraitua.

 

Lehendabiziko fase honen helburua da interesa duten eragileei GHHKPOren edukiak ezagutzera ematea, sor daitezkeen ekarpen guztiak bildu eta aberasteko asmoz. Lurraldeko eragile nagusien artean sozializatuko da anteproiektua modu adostuan, eta egiaztatuan garatzeko. Horretarako, informaziozko sei saio egingo dira: lehena, gaur ospatu dena, Ingurumeneko Zuzendaritza Orokorrak, GHK-k eta mankomunitate guztietako kideek osatu dute; bigarrena, gaur ospatzen dena ere, udaletako teknikariek osatuko dute; hirugarrenera GK Recycling Birziklatze eta Berrerabiltze klusterreko kideak gonbidatuta daude; laugarrenera, GK Green Fashion, Gipuzkoako Moda Jasangarriaren klusterrekoak; bosgarrenera, kontsumitzaileen elkarteak, merkatal guneak, HOREKA sektorea eta Elikagaien Bankua; seigarrenera, ekologista taldeak, sindikatuak eta herritarren plataformak.

 

Hondakinen plan berria hasten da GHHKPOk bere garaian ezarri zituen helburuak bermatu ondoren, birziklapena %70eko tasan (2030) kokatuko duen azpiegitura sistema batetik eta birziklatu ezin diren hondakinen aprobetxamendu energetikoarekin. Modu horretan, Gipuzkoak lortuko du zabortegirik gabeko kudeaketa sistema bat ezartzea, sortzen dituen hondakin guztiak baliabide propioekin tratatzeko gai izango dena, eta ondorioz 0 zabor isurketa eragingo duena.  Egoera hau Departamentuak 2015ean aurkitu zuenaren oso bestelakoa da. Orduan, Gipuzkoan azpiegiturak falta ziren, zabortegiak itxita zeuden eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa egoera larrian zegoen Zubietako Hondakinen Kudeaketa Zentroa geldiarazteak eragin zituen zorren ondorioz.

 

2019-2030 Hondakin Planaren programak honela egituratuta geratzen dira: prebentzio programa bat, hondakinen kudeaketa hierarkiaren hiru atalak barne hartzen dituen kudeaketa programa (gutxitzea, berrerabilpena eta birziklatzea), ezabaketaren optimizazio programa, eta azkenik, besteei zeharkotasunez eragiten dien behatoki programa. Bere oinarrizko berritasunak dira berrerabili daitezkeen hondakinen erreparaziorako eta erremanufakturaziorako sare eta zerbitzuen sustapena (tamaina handiko hondakinak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak, ehun-hondakinak…), Berrerabilpenerako prestakuntza Zentroaren beharren analisia eta ikerketa, garapena eta berrikuntza produktuen eta zerbitzuen ekodiseinuan. Kontzeptu ugari jasotzen ditu programak: hondakinen karakterizazioa; hondakinen sorkuntzako eta gaikako bilketako datu baseen kudeaketa; komunikazio eta sentsibilizazio ekintzen garapena eta koordinazioa; kontsumo jasangarriaren bultzatzea baliabide materialen kontsumoko aurrezpenaren eta efizientziaren bitartez; erosketa eta kontratazio berde eta ingurumen kudeaketa sistemak; hondakinen kopuruaren murriztea; hondakinen fluxu ezberdinen gaikako bilketa eredu eta sistema eraginkor eta jasangarrien sustapena; konpost, biometanizazio eta ontzien sailkapenerako instalazioen beharren analisia; birziklatze produktu berrien sorrera beste motatako hondakinen bitartez; eta hondakinen isurtzearen txikiagotzea, beste askoren artean.

 

Hauek dira 2019-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean (GHHKPO 2) ezarritako helburuak: prebentzioa maximizatzea; gaikako bilketa eta birziklatzea ahalik eta gehien optimizatzea; konpostajean eta materia organikoaren biometanizazioan ahal den guztia aurreratzea; birziklatu ezin diren hondakin guztiak balorizatzea, eta lehen mailako hondakinen isuririk ez eragitea.