Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Bederatzi proiektu Gipuzkoan ekonomia zirkularra bultzatzeko eta klima aldaketa gelditzeko

Gipuzkoan jasangarritasuna sustatzeko garatu dituzten proiektuak aurkeztu dituzte ikerlari gazteek, Ingurumeneko Departamentuaren beken programaren baitan zeini 160.000 euro bideratu zaizkion. José Ignacio Asensio: “Ezagueren ikerketak, berrikuntzak eta dibulgazioak oinarrizko tresna dira gizartearen eta ekonomiaren eraldaketan, hartara ekonomiak ikatzarekiko duen mendekotasuna arintzeko, baliabide materialen eta energetikoen erabilera eraginkortzeko eta naturako sistemen degradazio handiagoa saihesteko”.

2018·06·27


Bederatzi proiektu Gipuzkoan ekonomia zirkularra bultzatzeko eta klima aldaketa gelditzeko

Bederatzi ikerlari gazte elkartu dira Santa Teresa Komentuan Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak antolatutako jardunaldian beraien proiektuak ezagutzera emateko. Ikerketa, berrikuntza eta dibulgazio lan hauek ingurumenaren eta jasangarritasunaren alor ezberdinak lantzen dituzte, Gipuzkoako errealitatean ardazten dute beraien ezarpen eremua eta 2016an foru instituzioak abian jarritako beka programaren parte dira.

Gurutz Mondragonek arrantzarako sareak ehun materian birziklatzeari buruz egindako lana ezagutzera eman du; Mireia Andonegik bioplastikoen garapen bidezko konpostaren errebalorizazioa proiektua aurkeztu du; Iker Gonzálezek lurrazaleko hondakinen birziklatzearen eta errebalorizazioaren inguruko ikerlana azaldu du; Marta Iturrizak klima aldaketari buruz egindako lana aditzera eman du; Amaia Lasagak Gipuzkoako enpresetan kudeaketa sistemen ezartzearen analisia esplikatu du energia eraginkortasuna hobetzeko praktika egoki eta tresna berritzaile moduan; Isabel Guevara energia berriztagarria metatzeko eraginkortasun handiko sistema elektrolizatzailearen garapenaren inguruan aritu da; Xabier Ruiz Larramendiak termoekonomia sinbolikoa eraikinen instalazio termikoetan nola ezarri azaldu du; Tamara Calvok surf industriaren hondakinen balorizazioaren inguruan aritu da; eta Eider Mendiburuk itsasoko hondakini buruzko azterketa erakutsi du.

Beka hauen helburua da ikerketa, berrikuntza eta dibulgazio lanei bultzada ematea. Horretarako, ikerketari, berrikuntzari, informazioari eta komunikazioari buruzko proiektuen garapena indartu da, hartara laguntzeko, baliabide materialen eta energetikoen erabilera eraginkorragoa gauzatzen, bai klima aldaketa moteltzeko eta baita haren ondorioetara egokitzeko. 2016an eta 2017an 12 bekaren deialdia egin zen, ikertzaile gazteei zuzenduta, Ingurumeneko Zuzendaritza aktiboki lanean ari den oinarrizko lau arlo tematikoetako proiektuak gauzatzeko:

- 2 beka, 20.000 eurokoa bakoitza, elikagaien xahuketan eta hondakinen bitartez produktu berria garatzeko arloetan ikerketa eta berrikuntzako proiektuetarako.

- 4 beka, bakoitza 12.000 eurokoa, ekodiseinuan, prebentzioan, berrerabilpenean, gaikako bilketan eta hondakinak birziklatzeko arloetan ikerketa eta berrikuntzako proiektuetarako.

- 2 beka, bakoitza 12.000 eurokoa, eraginkortasun eta aurrezte energetikoa zein energia berriztagarrien erabilera arloan ikerketa eta berrikuntza proiektuetarako.

- 2 beka, bakoitza 12.000 eurokoa, aldaketa klimatikoa moteltzeko eta/edo egokitzeko arloan ikerketa eta berrikuntza proiektuetarako.

- 2 beka, bakoitza 12.000 eurokoa, aldaketa klimatikoari buruzko informazio eta komunikazio proiektuetarako.

José Ignacio Asensio, Ingurumeneko Diputatuak azaldu du klima aldaketak, baliabideen gehiegizko erabilera eta bizitzari eusteko sistema naturalen estutasun egoera edo maila orokorreko krisi bat sortzen ari dela, eta “orrek iraunkortasuneko premiazko politikak hartzea eta maila guztietako neurria gauzatzea eskatzen du, mundu mailatik toki mailara”. Horrengatik “Ingurumeneko Departamentuak ezarri du, bere helburu estrategikoetako bat bezala, iraunkortasuna bere nortasun zeinutako bat izatea, eta helburu honetan, erakunde guztiak, herritarrak eta Lurraldeko ekonomia eta enpresa sarea sartzea nahi dugu”.

Jasangarriagoa den gizarte bat sortzeak duen garrantzia azpimarratu eta horretarako ezagueran inbertitu behar dela dio Asensiok: “Ezagueren ikerketak, berrikuntzak eta dibulgazioak oinarrizko tresna dira gizartearen eta ekonomiaren eraldaketan, hartara ekonomiak ikatzarekiko duen mendekotasuna arintzeko, baliabide materialen eta energetikoen erabilera eraginkortzeko eta naturako sistemen degradazio handiago saihesteko”, adierazi du Diputatuak.