Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Birziklapenaren Nazioarteko Eguna

Birziklapenaren Gipuzkoako Klusterrak lehenengo urratsak eman ditu

2016·05·16


Birziklatze tasa bi puntu igo da 2016ko lehen hiruhilekoan.


Birziklapenaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok birziklapenaren inguruko lankidetza organoaren lehenengo bilkura deitu du.


Topaketa horretan parte hartu dute, besteak beste, Cristina Enea Fundazioak, EKOGRAS enpresak, EHUko Ingurumen Sailak EMAUSek eta EKOREC enpresak.


Kide gehiagotara ere zabaltzen joango den Organo hau ekonomia zirkularra sustatzeko sortu da; izan ere, ekonomia zirkularra lehenetsi nahi da, eredu linealaren ordez, eta horretarako beharrezkoak dira erakundeen nahiz enpresen ahalegina eta laguntza.Organo honen xedea da partaidetzarako gune bat izatea, eragile guztien ordezkaritza izango duena, guztion artean Gipuzkoa iraunkorrago baterantz eta ekonomia zirkularrerantz egiteko. Horretarako, balio erantsi handiko industria bat sortu nahi da, materialak berreskuratu eta aplikazio berritzaileak bilatuko dituena, produktu linea berriak sortuko dituena, ezagutza eta ikaskuntza sustatuko dituena, eta birziklapen enpresa berriak sortzen eta finkatzen lagunduko duena. Hori horrela, industria berriak garatzeko aukera emango du, edo sinbiosi industrial berriak sortuko ditu, ikerketa lerroak gehiago garatuz eta tokiko enplegua sortuz.


Birziklapen politika hau sustatzeak eragiten du baliabideen erabilera gutxitzea eta berrikuntzaren esparruan hazkuntza ekonomikorako aukera berriak sortzea. “Funtsezkoa da kalitate handiko lehengai birziklatuen nahiz birziklapenetik sortutako produktu amaituen merkatu bat sustatzea. Gizarte bezala, erronka horri aurre egin behar diogu, geure egin behar dugu erronka hori, ekonomia zirkularraren unea orain baita, ez bihar”, esan du Asensiok. Gipuzkoa bezalako lurraldeetan, kontzientzia sozialak eta ekintza instituzionalak eragin dute aurrerapauso itzelak ematea gaikako bilketaren arloan. Izan ere, birziklatze tasa % 42,3 baino gehiagokoa da, eta 2020 urterako Europar Batasunak ezarri duen % 50eko helburua lortuko da.


Gipuzkoako birziklatze tasen inguruko azken datuen berri eman du Asensiok. Urteko lehen hiruhilekoan, birziklatze tasa 2 puntu handitu da 2015eko datuei dagokienez. Kontzeptu guztietan igo dira indizeak, baina hazkunde nabarmenena biohondakinen bilketan eman da, lau puntu igo baita.
Asensiok oso positibotzat jo ditu hazkunde horiek, eta esan du “datuek agerian uzten dutela bilketa sistema edozein izanda ere, birziklatze tasak oso onak izan daitezkeela.Herritarren kontzientziazio maila da gakoa. Eta gure kasuan herritarrak oso kontzientziatuta daude eguneroko bizitzan birziklatu beharraz”.