Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Gipuzkoako Artxibo Orokorrak ateak zabaldu ditu zubi honetan

Ingurumenak eta Kulturak bat egin dute eraikin enblematiko honetan energia eraginkortasuna hobetzeko eraberritze lanei ekiteko, 1.072.000 euroko inbertsioarekin. Lan horiekin % 60ko energia aurrezpena lortuko da, eta horrek urtean 240 MWh, 85 tona CO2 eta 30.000 euroko aurreztea ekarriko du. Asensio: "Energia eraginkortasunaren eta aurrezpenaren arloan horrelako neurriak hartzea ezinbestekoa da klima aldaketari aurre egiteko". Itxaso: "Benetako zerbitzu publiko bat izatea nahi dugu, herritarrei zabalik dagoena, bere historia ezagutu nahi duen orok aukera izan dezan, zuzenean eta bitartekaririk gabe, era guztietako agiriak eskuratzeko: testuak nahiz material grafikoa, pergamino, paper edo azetato euskarrian".

2017·12·11


Gipuzkoako Artxibo Orokorrak ateak zabaldu ditu zubi honetan

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Denis Itxaso Kulturako diputatuak, aurkeztu zituzten Tolosan kokatzen den Gipuzkoako Artxibo Orokorreko biltegiak eta eraikinaren gainerakoak klimatizatzeko obrak, zaharkituta baitzeuden. Instalazioa berrituta, ondare dokumentalaren kontserbazioa bermatzeko beharrezkoak diren tenperatura eta hezetasun balioak mantendu ahal izango dira biltegietan.

Bide batez, eraikin osoaren argiteria aldatzeko ere aprobetxatuko da, energia eraginkortasuneko irizpideei jarraituz. Era berean, lan aretoetan, bulegoetan eta publikoari zabalik dauden aretoetan klimatizazioarekin eta argiztapenarekin lotutako konfort neurriak bermatuko dira.

Lanei ekin aurretik, abenduaren 7, 8 eta 9an, Gipuzkoako Artxibo Orokorrak ateak zabaldu dizkio artxiboaren historiari, eginkizunei, bertan gordetzen diren funtsei eta egiten dituen jarduerei buruz jakin nahi duen orori.

Ate irekien jardunaldi honekin, Aldundiak Gipuzkoako Artxibo Orokorra zer den ezagutarazi nahi du, ikuspegi orokor bat emanez, etorkizunean ere nahi dutenek bertan eskaintzen diren zerbitzuak erabili ditzaten.

"Artxiboa posizio pribilegiatu batean dago, informazio iturrien kontserbazio eta deskripzioa eta historialariek horien inguruan egiten duten interpretazioarekin lotzen duen zubia baita. Horregatik, Lurraldean egiten den ikerketa historikoa babestu nahi dugu, baina gure helburua da, baita ere, benetako zerbitzu publiko bat izatea, herritarrei zabaltzen zaien gune bat. Bere historia ezagutu nahi duen orok aukera izan dezan, zuzenean eta bitartekaririk gabe, era guztietako agiriak eskuratzeko: testuak nahiz material grafikoa, pergamino, paper edo azetato euskarrian.  Herritarren artean gero eta handiagoa da gure historia eta gure erroak ezagutzeko grina, eta gero eta hedatuagoa dago horri lotutako aisialdi aktiboa, betiere agiriak kalterik jasaten ez duela bermatuz", azaldu du Itxasok.

Bisitaldi gidatuetan, agiri aukeraketa bat ikusi ahal izan dira, hala nola Probintziako Ordenantzen koadernoa, 1453koa. Ikusgai egongo da, halaber, Bolloien liburua (1481-1505). Gipuzkoako gobernuari eta eskumenei buruzko agiri guztiak biltzen dituen kodize bakarra da, Batzar Nagusietara kontsulta liburu gisa eramaten zena. 1571ko auzi bat ere erakutsiko da, Ternuara bale arrantzara egindako bidaia baten ondoriozko zorrari buruzkoa. Zuzenean ikusi ahal izan dira, baita ere, irain bertso edo kopla batzuk, euskaraz idatzita, 1685eko auzi batean proba gisa aurkeztu zirenak; agiri oso bitxia da, dokumentu gehien-gehienak, duela gutxi arte, gaztelaniaz idatzita baitzeuden. Savoiako Karlos Amadeok Sardiniako koroari eta erresumari uko egin eta bere seme Savoiako Victor Manuelen alde abdikatu zueneko agiria ere erakutsiko da; abdikazio agiri hori Tolosan sinatu zen, 1949ko apirilaren 3an, Juan Fermin Furundarena eskribauaren aurrean. Bertaratutakek ikusi dituzte, baita ere: Migel Joakin Eleizegiren (Altzoko Handia) testamentua, 1861eko azaroaren 7koa; Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen akten lehenengo liburuaren jatorrizkoa (1764-1775); eta Jeronimo Larrea eskultoreak Probintziako Artxiboaren fatxada (garai hartan Tolosako Santa Maria Elizan kokatzen zen) apaintzeko eginiko erliebeak (1596-1599), besteak beste. 

Energia aurrezpena

Ingurumen Departamentuak hainbat jarduera gauzatu ditu Aldundiaren eraikinetan energia aurreztea eta energia berriztagarriak aprobetxatzea sustatzeko, eta jarduera horien artean dago eraberritze energetikorako proiektu hau idatzi eta lizitatzea.  Obraren aurrekontua 1.072.000 euro da, eta bi departamentuen artean ordainduko da. Proiektua gauzatzeko epea 12 hilabete da. Eraikina ez da guztiz itxiko. Artxiboaren hegaletako batean gordeta dauden agiriak Aldundiaren kanpoko biltegi batetara eramango dira. Eraikinaren ezkerraldea eta erdiko bulego gunea eraberritu ondoren, beste aldea egingo da.

Jose Ignacio Asensio azaldu du klima aldaketan eragin gehien duen sektoreetako bat dela energiarena, eta, horregatik "Europak energia berriztagarriei eta energia eraginkortasunari eta aurrezpenari dagokienez zehaztu dituen helburuetarantz egin behar dugu, eta bide horretan kokatzen da Artxiboan egin behar dugun obra hau".

Artxiboa Tolosan dago, 1989an birgaitu zen eraikin zahar batean. 5 solairu ditu, eta guztira 3.000 m2-ko azalera erabilgarria du, XV. mendetik XX. mendera arteko agiriak gordetzeko, bai euskarri tradizionaletan, bai digitaletan.  Azalera horren erdia baino gehiago zortzi agiri biltegik hartzen dute. Dokumentuak biltegiratzeko ahalmena, gutxi gorabehera, 7.000 metro linealekoa da. Egungo okupazioa % 60koa da.

Klimatizazio, aireztapen eta argi instalazioak zaharkituta daude, eta ez dituzte betetzen biltegiratutako agiriak ongi kontserbatzeko beharrezkoa diren baldintzak. Horrek, gainera, energia gastu nabarmena eragiten du: urteko 400 MWh baino gehiago (% 80 klimatizazioagatik, eta % 15 argiztapenagatik), 146 tona CO2 eta 57.000 euroko faktura energetikoa. Obra honekin % 60ko aurrezpen energetikoa lortu nahi da, eta lortuko da urtean 240 MWh inguru, 85 tona CO2 eta 30.000 € baino gehiago aurreztea.

Eraikinaren ezaugarriengatik, ezin izan da energia berriztagarrietan soilik oinarritutako soluziorik aplikatu, eta erabaki da egungo klimatizazio eta argi instalazioak aldatzea eta eraginkortasun energetiko handiko beste instalazio batzuk jartzea.

Planteatu den soluzioa da klimatizazio sistema bat ezartzea erabilera bakoitzerako. Biltegietan, adibidez, aire bidezko klimatizazioa instalatuko da. Eremu horietan paperezko agiriak gordetzen dira batik bat, eta instalazio honekin lortuko da eremu mota honetarako egokiak diren baldintza espezifikoak sortzea (18-20ºC-ko tenperatura eta % 55-60ko hezetasuna). Horretarako, berokuntzako bi ponpa jarriko dira, bata hego-ekialdeko biltegietarako, eta bestea ipar-ekialdekoetarako. Aire tratamendurako unitate bat ere jarriko da biltegi bakoitzerako, dagokion bero berreskuratzailearekin.

Biltegietako batean argazki artxiboak gordetzen dira, eta, horregatik, tenperatura eta hezetasun baldintza zorrotzagoak bete behar dira bertan (16-18ºC-ko tenperatura eta % 30-40ko hezetasuna). Hori horrela, kasu honetan hotz ganbera bat ezarriko da, baldintza horiek bermatu ahal izateko.

Azkenik, kontsultarako eta bileretarako bulego eta aretoetan gutxienez 21ºC-ko tenperatura bermatu behar da neguan, eta gehienez 25ºC udan, % 50eko hezetasunarekin urte osoan. Horretarako, sistema independente bat aurreikusi da, bi hodiko bero ponpa bat izango duena, hotza edo beroa emateko, urte sasoiaren arabera. Airea berritzeko instalazioa ere izango du, bero berreskuratzailearekin.

Horrez gain, argi instalazio osoa berrituko da. Egun dauden 480 argiak (fluoreszenteak, goritasun lanparak eta halogenoak) aldatu egingo dira, eta LED teknologiako argiak jarriko dira, eraikinaren argi beharrei erantzun ahal izateko (500 lux lan eta kontsulta eremuetan, eta 250 lux biltegietan). Gainera, presentzia eta mugimendu sentsoreak jarriko dira noizean behin erabiltzen diren eremuetan (korridoreak eta komunak).

Artxibo historikoa

Gipuzkoako Artxibo Orokorra Gipuzkoako Lurralde Historikoko gobernu erakundeen artxibo historikoa da: Batzar Nagusiena eta Foru Aldundiarena. Artxiboaren jatorrizko muina Batzar Nagusiek eta aldundiek historian zehar 500 urtetan sortutako dokumentazioa da. XX. mendearen hasieratik, dokumentazio horri beste funts batzuk gehitzen joan zaizkio, hala nola Korregimenduko agiriak. Jakina denez, korregidorea erregeren ordezkaria zen Gipuzkoan. Agiriak XVI. mendetik XIX. mende erdialdera artekoak dira. Gehitzen joan ziren beste funts bat da Tolosako notari barrutiko protokoloena, XVI. mendetik 1916 urtea artekoa. Agiri funts handi horiez gain, Artxiboak baditu eta zaintzen ditu gure lurraldeko erakunde eta pertsona publiko zein pribatuen beste artxibo eta bilduma dokumentalak ere. 

Askotariko agiriak aurkitzen ditugu, nor eginak diren eta zertarako gorabehera. Dokumentazio horrek Gipuzkoaren historia politiko eta administratiboa berregiteko aukera ematen digu, baina, horrez gain, gure Lurraldean bizi izan ziren eta oraindik ere gai horietan guztietan interesa izan dezaketen ondorengoak dituzten pertsonen eta familien nahiz herri eta hiribilduen historia hurbilena ere ezagutu dezakegu.  Esan bezala, askotariko gaiak ukitzen dituzte, eta, beraz, askotarikoa da hortik sor daitekeen ezagutza. 

Artxiboaren zerbitzuak xedetzat du informazio hori herritarren eskura jartzea, agiriak Artxiboan bertan nahiz interneten bidez kontsultatzeko aukera emanez. Helburua da, baita ere, balio historikoa duen dokumentazioa biltzea, eta etorkizuneko belaunaldientzat gordetzen dela bermatzea, eta gure ondare dokumentala eta historia herritarrei helaraztera zuzendutako zerbitzuak eta jarduerak eskaintzea.

Jakingarriak:

GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA. San Frantzisko ibiltokia 2. 20400 Tolosa (Gipuzkoa).  Tel.: +34 943 415262. Posta elektronikoa:  AGG-GAO@gipuzkoa.eus

Web orria: http://www.artxibogipuzkoa.gipuzkoakultura.net/index-es.php