Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Gipuzkoako Berrabilpenaren eta Birziklapenaren Klusterrak Ingurumeneko Departamentuaren Klima Aldaketari aurre egiteko Estrategia konpartitzen du

‘GK Recycling’ klusterra lankidetzan arituko da Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroarekin, Gipuzkoan ekonomia berdea sustatuko duen Ekonomia Zirkularra garatzeko. José Ignacio Asensio: “Klima Aldaketaren erronka ekonomia berdea garatzeko eta enplegua sortzeko aukera da Gipuzkoarentzat”. Jose Ignacio Asensio: “Gipuzkoak indargune bat dauka birziklatzearen eta berrerabilpenaren alorrean. Sektorearen garrantzia agerian jarri behar dugu, eragile ekonomiko gisa ekonomia zirkularraren barruan eta enplegu berdearen sorreran”.

2018·02·06


Gipuzkoako Berrabilpenaren eta Birziklapenaren Klusterrak Ingurumeneko Departamentuaren Klima Aldaketari aurre egiteko Estrategia konpartitzen du

Gipuzkoako Birziklapenaren Klusterraren ‘GK Recycling’ Batzorde Betearazleak bilera bat egin du gaur, eta kideek 2018ko jarduera plana onartu dute. Jarduera horien artean nabarmenena da eragile kolaboratzaile eta sustatzaile gisa parte hartzea Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroaren barruan. Aurtengo urte amaieran abian jarriko den Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroak hiru ardatz nagusi izango ditu: berotze globalak gure lurraldean duen eragina neurtzeko eta aztertzeko behatoki bat sortzea, ekonomia berdea sustatzeko Europako funtsen bidez ekonomia zirkularra sustatzea, eta energia berriztagarriak sustatuz energia trantsizioa ahalbidetzea.  GK Recycling klusterrak Zentroaren bigarren jarduera ardatzean lagunduko du, hain zuzen ere ekonomia zirkularra sustatzen.

Helburua izango da sektore guztietan materialen berrerabilpena eta birziklatzea sustatzeko politikak eta araudiak garatzea; sektorerako teknologietan ikertzea, eta proiektu berritzaileak bultzatzea. Zentro honetan, Klusterraren eta Eko-REC enpresaren parte hartzea nabarmentzekoa da Europar Batzordearen adituen nazioarteko taldean plastikoaren europar estrategia zehazteko; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren eta IHOBEren babesa izan dute. Asensiok nabarmendu du Gipuzkoak indargune handi bat duela birziklatzearen eta berrerabilpenaren alorrean: “Sektorearen garrantzia agerian jarri behar dugu, eragile ekonomiko gisa ekonomia zirkularraren barruan eta enplegu berdearen sorreran”. Horrez gain, gogorarazi du Ingurumen Departamentuak sektorea sustatu, bultzatu eta ikusarazteko konpromisoa duela. “Enplegua sortzeko sektore estrategikoa da eta hazkunde ekonomikoa eragiteko ahalmen handia dauka”.

Gipuzkoan, birziklapenaren sektoreak 401.484.000 euro fakturatzen ditu urtean eta 5.295 laguni ematen die lana. 2017an, Gipuzkoako Klusterra sortu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak bultzatuta. Gaur egun ‘GK Recycling’ klusterrak 50 kide ditu: 28 enpresa, 6 elkarte eta fundazio, 6 unibertsitate eta teknologia zentro, eta Ekonomia Zirkularrarekin lotutako ingurumen alorreko 10 aholkularitza enpresa.

Klusterraren helburua da birziklapenaren eta berrerabilpenaren hazkundea sustatzea herritarren eta enpresen ohiko praktika gisa, eta horretarako Ekonomia Zirkular progresibo baten garapen erreala eta praktikoa eta sektorearen hazkundea eta sendotzea lortzea, ekonomia eta enplegu berdea sortzen lagunduko baitute.

Paradigma horiek ezinbesteko egin dute Berrabilpenaren eta Birziklapenaren Klusterraren aktibitatea, ingurumenaren aldeko politikak bultzatzeko eta Ekonomia Zirkularraren sorrerara iristeko hondakinak industriarako baliabidean bihurtuz. Ekonomia Zirkularra hazkunde ekonomikoa lortzeko palanka eta motorra izango da eta enplegua sortuko duten politika jasangarriak abiaraziko ditu, gure lurraldeko enpresen, administrazioen eta herritarren arteko lankidetzan oinarritutako eredu baten bitartez.