Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

HEZEGUNEAK HIRI ETORKIZUN JASANGARRIRAKO: ZAIN DEZAGUN TXINGUDI, ZAIN DITZAGUN GIPUZKOAKO HEZEGUNEAK

2018·02·01


HEZEGUNEAK HIRI ETORKIZUN JASANGARRIRAKO: ZAIN DEZAGUN TXINGUDI, ZAIN DITZAGUN GIPUZKOAKO HEZEGUNEAK

Otsailaren 2a Hezeguneen Nazioarteko Eguna izango da, urtero legez. Izan ere, 1971n, otsailak 2 zituela, Hezeguneen Ituna sinatu zuten Iranen, Ramsar hirian, Kaspio itsasoaren ertzean, eta akordioa gogoratzeko ospatzen da urtero eguna.

Gipuzkoak hezegune asko ditu, eta guzti guztiak zaintzeko konpromisoa du, tamaina edo garrantzia edozein izanda ere.

Baina, guztien artean,Txingudikoa da hezegune nagusia, Gipuzkoako hezeguneetatik Txingudikoa baitago sartuta mundu osoko 2.000 hezegunetik gora biltzen dituen Ramsar zerrendan. Zerrenda horretan agertzen diren hezeguneak ezinbestean babestu behar dira, Planetaren etorkizunari ingurumen berme guztiekin aurre egin nahi badiogu.

Hezegune bat belaki erraldoi bat da, epe luzera onura izugarriak dituena, bai ingurumenari dagokionez, bai ekonomiari dagokionez; ur biltegi bat da, uholdeak kontrolatzen ditu, kutsatzaileak zurgatzen ditu eta ura arazten du. 

Aurtengoan, Jose Ignacio Asensiok, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua, Ramsar Itunaren oinarrietako bat ekarri du gogora: "hezeguneen aniztasun kultural eta biologikoak elikatu egiten gaitu, fisiko eta psikologikoki". Bestalde, azpimarratu du funtsezkoa dela lurralde bakoitzak ingurumenari dagokionez hartuak dituen nazioarteko konpromisoak betetzea.

Zentzu horretan, Txingudi elementu garrantzitsua da Klima Aldaketari Aurre Egiteko Gipuzkoako Estrategian, eredu hiperkarboniko bateranzko trantsizioa egiten laguntzen baitu, eta klima aldaketaren mehatxua arintzen baitu.  

Foru diputatuarentzat, "ingurumen orekatu eta osasungarria izateko eskubidea norbanakoen oinarrizko eskubide bat da, hirugarren belaunaldiko giza eskubideen artean dagoena. Beraz, gure hezeguneak babestea, eta bereziki Txingudikoa, ez da soilik gizarte osoak konpartitzen duen obligazio bat, Gipuzkoako, Euskal Herriko eta mundu osoko biztanleen eta etorkizunean izango direnen eskubide indibidual eta kolektiboa ere bada eta".

Oraingoan, Hezeguneen Munduko Egunaren leloa da "Hezeguneak hiri etorkizun jasangarrirako".

Hain zuzen, Txingudi funtsezko faktoreetako bat da, Bidasoaren bi aldeetara dauden hirien jasangarritasunerako.  Gainera, Ramsar zerrendan dagoenez, gipuzkoarrok gure lurraldearen mugez harago doan erantzukizuna hartu dugu, Txingudiren gaineko ardura baitugu, baina ez soilik guri begira, gizateria osoari begira baizik.