Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Ingurumeneko Departamentuak abian jarri du elikagai-xahuketaren aurkako ekimen berri bat Gipuzkoan

2017·10·13


Ingurumeneko Departamentuak abian jarri du elikagai-xahuketaren aurkako ekimen berri bat Gipuzkoan

Lehendabiziko ekintza Impact Hub Donostiarekin batera burutuko den ikerlana izango da Gipuzkoan gertatzen den zarrastelkeriaren diagnostiko espezifiko baten bitartez, arlo honetan gure lurraldearen errealitatea ezagutzeko.

“Saving Food” izeneko bigarren ekintza ere gauzatuko da Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean. Proiektu pilotu honek ostalaritzaren sektorean kozinatutako elikagaien bilketa analizatu eta ezarriko du.

José Ignacio Asensio: “Ingurumeneko Departamentuak sustatutako bi ekintza hauen bitartez, beste behin ere, Gipuzkoa ingurumen, gizarte eta ekonomiaren arloetan lurralde iraunkor gisa ipiniko da; eta klima aldaketaren aurkako borrokan politika aktiboak edukiko ditu”.

 

José Ignacio Asensiok, Ingurumeneko Diputatuak, elikagai-xahuketaren aurkako borrokan Ingurumeneko Departamentuak hilabete honetan zehar abiaraziko dituen ekimenak aurkeztu ditu. Aurkezpenean ere izan dira Josune Razkin, Impact Hub Donostiako Lehendakaria, eta Ainhoa Alonso, Deustotech-Energy-ko Unitate Arduraduna. Lehendabiziko ekintza Impact Hub Donostiarekin batera burutuko den ikerlana izango da. Bigarrena berriz, “Saving Food” izenekoa, Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean gauzatuko den proiektu pilotua izango da; eragile ugarik parte hartuko dute eta hauek dira aurkezpenean izan diren ordezkariak: José Manuel Pineda, Gipuzkoako Elikagaien Bankuko Lehendakaria; Nuria Vegas, Gabera Merkataritza Zentroko Zuzendaria, Maite Valmaseda, Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Zuzendaria; Kino Martínez, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko Idazkari Nagusia eta Izaskun Laskurain, Ausolan-go Kalitate eta Ingurumen Teknikaria.

 

José Ignacio Asensio: “Ingurumeneko Departamentuak sustatutako bi ekintza hauen bitartez, beste behin ere, Gipuzkoa ingurumen, gizarte eta ekonomiaren arloetan lurralde iraunkor gisa ipiniko da; eta klima aldaketaren aurkako borrokan politika aktiboak edukiko ditu”.

Gaur egungo kalkuluen arabera, mundu osoan gizakiek kontsumitzeko ekoizten diren elikagaien herena inguru zarrasteltzen edo galtzen da, eta horrek kostu ekonomikoan eta ingurumenari lotutakoan eragina dauka. Gipuzkoan, zehazki, 120.000 tona elikagai zarrasteltzen edo galtzen da urtero. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin batera hasi zen lanean 2007. urtean, herritarren artean “azken minutukoak” (galkorrak izan arren arazorik gabe kontsumi daitezkeen produktuak) gisa ezagutzen diren eta saldu ezin diren elikagai kontsumigarrien bilketa egiteko. Elkarlan emankor horri esker, azken urteetan 800.000 kilo elikagai inguru bildu eta banatu dira urtero. Familia gipuzkoar askoren beharrak arintzeaz gain, arazorik gabe kontsumi daitezkeen elikagaiak hondakin moduan kudeatzea saihestu da, hondakinen hierarkiaren lehen mailari balioa emanez: Prebentzioari.

Ingurumeneko Diputatuak nabarmendu du elikagaien zarrastelkeria klima aldaketaren aurka borrokatzeko “beste neurri bat” dela. “Alferrik galdutako elikagaiek herrialde bat osatuko balute, munduan berotegi-efektuko gas gehien sortuko lukeen hirugarren herrialdea izango litzake, Txinaren eta Amerikako Estatu Batuen ondoren. Horregatik, elikagaien zarrastelkeria arazo nagusietako bat bezala hartu behar dugu”, adierazi du Asensiok.

Elikagai-xahuketaren aurkako ekintzak

Ingurumeneko Departamentuak bi ekintza burutuko ditu Gipuzkoan elikagaien zarrastelkeriaren aurka borrokatzeko. Lehendabiziko ekintza ikerlan bat izango da eta bigarrena berriz, proiektu pilotu bat. Hilabete honetan ekingo zaie ekintzei eta 2017, 2018 eta 2019ko ibilbide-orria finkatuko dute.

  • Lehendabiziko ekintza Impact Hub Donostiarekin batera (Gizartea eraldatzeko proiektu berritzaileak burutzen dituen irabazi asmorik gabeko kooperatiba) burutuko den ikerlana izango da, Gipuzkoan gertatzen den zarrastelkeriaren diagnostiko espezifiko baten bitartez, arlo honetan gure lurraldearen errealitatea ezagutzeko: “Gipuzkoako elikagai sisteman zarrastelkeriaren eta lurraldean gosea jasateko arrisku handiena duen multzoan izan dezakeen inpaktuaren deskribapena. Ekonomia Zirkularreko eta Gizarte Berrikuntzako ikuspegi batetik”.

 

Azterketa honen bitartez “Zirkulua itxi: Ekonomia Zirkularrerako Europar Batasunaren ekintza-plana” txostenean Europar Batasunak ematen ari den gomendioak bete nahi dira. Txosten honek kate osoa kontuan hartzeak duen garrantzia azpimarratzen du: ekoiztean eta banaketa egitean, dendatan, jatetxetan, multzoentzako janari-establezimenduetan eta etxeetan. Halaber, adierazten da arazo globala dela eta horrela aztertu behar dela, baina horretaz gain, tokiko ikuspegitik ere aztertu behar da, “alferrik galdutako” hori aprobetxatzeko eta gure inguru hurbilenean gosea arintzeko. Behar horren barruan, azterketa hau aurrerapauso bat da arazoa hobeto ulertzeko eta Gipuzkoako lurraldean gosea eta zarrastelkeria murrizten saiatzeko.

 

  • Bigarren ekintza “Saving Food” izeneko proiektu pilotua izango da eta Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean gauzatuko da. Parte hartuko dute ere Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, Ausolanek (ikastetxe eta enpresetako jangeletako caterinaren enpresa ordezkari gisa), Gabera Merkataritza Zentroak, Gipuzkoako Merkatarien Federazioak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak.

 

“Saving Food” proiektu pilotuak ostalaritzaren sektorean kozinatutako elikagaien bilketa analizatu eta, hala badagokio, ezarriko du. Hasieran Gipuzkoako bi zonatan garatuko da (ikerlanean erabakiko direnak), baina azken helburua proiektua lurralde osora zabaltzea da ahalik eta emaile gehien barne hartuz, eta era horretan, elikagaien zarrastelkeriaren aurkako borrokan Gipuzkoa lurralde eredugarri bihurtzeko. Gero eta gehiago dira Elikagaien Bankuari kozinatutako elikagaiak eskatzen dizkieten pertsonak, hauek energiaren arloko beharrei aurre egiteko zailtasunak dituztelako.

Proiektua garatzeko (2017, 2018 eta 2019an zehar), tresna digital bat prestatzea aurreikusi da, aplikazioen (App) eta antzeko beste baliabide batzuen bitartez, ostalaritzako sare osoa Elikagaien Bankuarekin batera konektatzeko.