Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako Hondakinen Plan berriaren hasierako onarpena egin du (GHHKPO 2019-2030)

Ingurumeneko Departamentuak Hondakinen Plan berriari hasierako onarpena eman dio (GHHKPO 2019-2030) ingurumen azpiegiturak osaturik dituen Gipuzkoarentzako. Gipuzkoako Batzar Nagusietan Foru Arau gisa onartzeko tramitazioari hasiera ematen zaio eta partaidetzazko deliberazio prozesua irekitzen da. Foru arau berriaren helburua da Gipuzkoak ekonomia zirkularreko, prebentzioko eta klima aldaketaren aurkako borroka sustatzeko politika aktiboak sustatzea, arlo horretan Europan ezarrita dauden helburuak eta zuzentarauak txertatuz; zabortegirik gabeko hondakinen kudeaketa eredua lortuz. José Ignacio Asensio: “Plan berriak (GHHKPO 2019-2030) hondakinen birziklatzearen eta balorizazioaren zirkulua itxiko du, eta Gipuzkoa prest utziko du ekonomia zirkularraren eta klima aldaketaren erronkari aurre egiteko”. “Lehenengo aldiz, Gipuzkoak hondakinen plan bati helduko dio Europako herrialde garatuenen baldintza beretan”

2018·07·26


Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako Hondakinen Plan berriaren hasierako onarpena egin du (GHHKPO 2019-2030)

Gipuzkoako Ingurumen Guneko lehen eta bigarren faseetako lanak esleitu eta abian jarri ondoren, zeintzuk datorren urteko uda hasierako amaitzekoak diren, Ingurumeneko Departamentua hondakinen plan berri bati hasierako onarpena eman dio 2018ko uztailak 25eko foru aginduaren bidez, GHHKPO 2019-2030 izenekoa, dagoeneko esposizio publikoan dagoena. Foru arau berriak ezarriko ditu lurraldearen helburuak arlo horretan, beti ere lehenengo GHHKPOk (7/2008 FA) bere garaian zehaztutakoak lortu ondoren eta plangintza agiri hartan aurreikusitako azpiegitura guztiak osatu ondoren.

 

2019-2030 Hondakin Planaren programak honela egituratuta geratzen dira: prebentzio programa bat, hondakinen kudeaketa hierarkiaren hiru atalak barne hartzen dituen kudeaketa programa (gutxitzea, berrerabilpena eta birziklatzea), ezabaketaren optimizazio programa, eta azkenik, besteei zeharkotasunez eragiten dien behatoki programa. Bere oinarrizko berritasunak dira berrerabili daitezkeen hondakinen erreparaziorako eta erremanufakturaziorako sare eta zerbitzuen sustapena (tamaina handiko hondakinak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak, ehun-hondakinak…), Berrerabilpenerako prestakuntza Zentroaren beharren analisia eta ikerketa, garapena eta berrikuntza produktuen eta zerbitzuen ekodiseinuan. Kontzeptu ugari jasotzen ditu programak: hondakinen karakterizazioa; hondakinen sorkuntzako eta gaikako bilketako datu baseen kudeaketa; komunikazio eta sentsibilizazio ekintzen garapena eta koordinazioa; kontsumo jasangarriaren bultzatzea baliabide materialen kontsumoko aurrezpenaren eta efizientziaren bitartez; erosketa eta kontratazio berde eta ingurumen kudeaketa sistemak; hondakinen kopuruaren murriztea; hondakinen fluxu ezberdinen gaikako bilketa eredu eta sistema eraginkor eta jasangarrien sustapena; konpost, biometanizazio eta ontzien sailkapenerako instalazioen beharren analisia; birziklatze produktu berrien sorrera beste motatako hondakinen bitartez; eta hondakinen isurtzearen txikiagotzea, beste askoren artean.

 

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi du Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Orokor berria (GHHKPO 2019-2030) onartzeko izapideak abian jartzeak esan nahi duela “zirkulu bat ixtea Gipuzkoako hondakinentzat inolako konponbide eta hautabiderik gabe hasi zen legealdi batean, eta legealdi horri amaiera ematea martxan egongo den Ingurumen Gune batekin eta Gipuzkoa ekonomia zirkularraren eta klima aldaketaren helburuak betetzeko prest jarriko duen hondakinen plan berri batekin”. Foru arduradunak esan du jauzi kualitatibo handi bat dela, izan ere plan berriari esker “lehenengo aldiz, Gipuzkoak hondakinen plan bati helduko dio Europako herrialde garatuenen baldintza beretan”.

 

Prozesuak hasiera eman zion eskumena duten administrazio guztiei (udalak, mankomunitateak, interesa duen publikoa eta Eusko Jaurlaritza) aurretiazko dokumentu bat bidaliz beren ekarpenak egiteko. Aurreproiektua prestatu ondoren, jendaurrean jarri da eta interesdun guztiek alegazioak egin ahal dituzte; jarraian, hasiera ematen zaio partaidetzazko deliberazio prozesuari, gizarte eragileei eta herritarrei plan berrian parte hartzeko aukera emateko. Proiektua hiru fasetan garatuko da: lehendabiziko fase informatiboa iraileko bigarren hamabostaldian gauzatuko dena; bigarren deliberazio fasea urriko bigarren hamabostaldian egingo dena; eta emaitzen itzultze azken fasea urriaren-azaroaren bitartean ospatuko dena. Informazio eta deliberazio faseetan informazio horniketa egingo da gardetasunez zirriborroari eta partaidetzazko ereduari ekarpenak egin ahal izateko; materiarekin zerikusia duten talde ugarirekin bilerak egingo dira ere. Azkenik, emaitzen itzultze fasean, prozesuan dauden eragileekin itzultze batzarrak egingo dira, baita talde politiko anitzekin ere. Herritarrentzako on-line plataforma egongo da ere eta komunikazio zein hedaketa jarraitua.

 

Gainera, Plan berrirako osatu egin beharko dira hondakinen plangintzari buruzko edukiak, beste dokumentu batzuk aurkeztuz, besteak beste, Ingurumen Adierazpen Estrategikoa, Genero Eraginaren Ebaluazioa, txosten juridikoa eta txosten ekonomikoa. Eduki horiek Euskal Herriko Ingurumen Batzordearen eta Aholku Batzordearen ikus onespena jaso beharko dute.

 

Aurreko fase horiek guztiak gainditu ondoren, Diputatuen Kontseiluaren onarpenera jarriko da GHHKPO 2019-2030 plan berria, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietara igorriko da, eztabaidatu eta onar dezaten. Aurreikuspenen arabera, prozesua hurrengo hilabeteetan garatuko litzake, datorren urteko otsailean amaituz. Onartuz gero, hondakinen plan berria izango da 2019-2030 aldian Gipuzkoako hondakinen plangintza eta kudeaketa arautuko duen Foru Araua.

 

Hondakinen plan berria izapidetzen hasiko da GHHKPOk bere garaian ezarri zituen helburuak bermatu ondoren, birziklapena %70eko tasan (2030) kokatuko duen azpiegitura sistema batetik eta birziklatu ezin diren hondakinen aprobetxamendu energetikoarekin. Modu horretan, Gipuzkoak lortuko du zabortegirik gabeko kudeaketa sistema bat ezartzea, sortzen dituen hondakin guztiak baliabide propioekin tratatzeko gai izango dena, eta ondorioz 0 zabor isurketa eragingo duena.  Egoera hau Departamentuak 2015ean aurkitu zuenaren oso bestelakoa da. Orduan, Gipuzkoan azpiegiturak falta ziren, zabortegiak itxita zeuden eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa egoera larrian zegoen Zubietako Hondakinen Kudeaketa Zentroa geldiarazteak eragin zituen zorren ondorioz. Asensioren iritziz, aldaketa oso positiboa izan da, eta ondorengoa azpimarratu du “arauak betez lortu dugu konponbide aurreratua eta europarra ematea Gipuzkoako hondakinen gaiari; aldiz, EH-Bilduko aurreko gobernuaren ez betetzeak arazo larriak eragin zituen ekonomia eta ingurumen mailan, eta oraindik horiek ordaintzen ari gara”.

 

Hauek dira 2019-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean (GHHKPO 2) ezarritako helburuak: prebentzioa maximizatzea; gaikako bilketa eta birziklatzea ahalik eta gehien optimizatzea; konpostajean eta materia organikoaren biometanizazioan ahal den guztia aurreratzea; birziklatu ezin diren hondakin guztiak balorizatzea, eta lehen mailako hondakinen isuririk ez eragitea.  

 

Donostia, 2018ko uztailaren 26a