Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Instalakuntza energetikoak garbiagoak eta eraginkorragoak Uliazpiko Zubieta Zentroan

Instalazio berriekin urteko 200.000 KWh aurreztuko dira, urteko faktura 50.000 euro merkeagoa izango da, eta CO2 emisioak 60 tona baino gehiago gutxituko dira urtean.

2016·06·08


Instalakuntza energetikoak garbiagoak eta eraginkorragoak Uliazpiko Zubieta Zentroan

Jose Ignacio Asensio, Ingurumeneko diputatua, eta Maite Peña, Gizarte Politikako diputatua eta Uliazpi Fundazioko presidentea, Zubieta Zentroan izan dira gaur, instalazio energetiko berriak ezagutzeko.  

Ingurumen Departamentua hainbat jarduketa egiten ari da energiaren arloan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinetan aurrezpen energetikoa eta energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatu eta areagotzeko. Eraikin horien artean dago Zubieta Zentroa, Uliazpi Fundazioarena. Uliazpi Foru Aldundiaren Organismo Autonomoa da, eta xedetzat du desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizi kalitatea garatzeko zerbitzuak eta laguntza ematea.  Ingurumen Departamentuak 420.000 euro jarri ditu obra hau egiteko, eta Uliazpik 300.000 euro.

Asensiok azaldu du zentro honetan hartu den neurri nagusia izan dela bero sare bat ezartzea, “District Heating” edo auzo berokuntza kontzeptuari jarraituz. Berokuntzarako eta ur bero sanitariorako sistema hau baso jatorriko biomasak elikatzen du eta, horrela, energia kontsumoa, faktura energetikoa eta CO2 emisioak murriztu egiten dira. "Instalazio berriekin 200.000 kWh baino gehiago aurreztuko dira urtean, hau da, % 20; faktura urteko 50.000 euro merkeago izango da; eta CO2 emisioak 60 tona baino gehiago gutxituko dira urtean".

Gizarte Politikako Diputatuak, Maite Peñak, Uliazpiko arreta ereduaren garrantzia azpimarratu du gaurko bisitan. Peñak azaldu du “Uliazpin arreta oso eta pertsonalizatua eskaintzen zaiela mendekotasuna duten pertsonei,  eraginkortasuna eta berrikuntza bilatzen dituztela bertan, betiere, oinarri etiko batetik abiatuta eta azken helburu bezla jarrita,  erabiltzaileen euren eta euren familien gogobetetasuna lortzea” eta Gizarte Politikako diputatuak, harro, esan du “hori oso ongi lortzen duela Uliazpiko arreta ereduak”.

BIDEOA: ZUBIETA ZENTROAN BIOMASAZ ELIKATUTAKO BERO SAREA

Galdara berriak jartzea Uliazpik berez duen ardura sozialaren barruan kokatu du Peña Diputatuak: “500 lagun baino gehiago artatzen dituen erakunde baten ardura ere bada, ekonomikoki zein ekologikoki arduratsuak eta eraginkorrak izatea eta galdaren berritzea horren erakusgarri da”, esan du. Baina hori baino, galdara hauek  finantzatzeko bi departamenturen artean, Ingurumen sailaren eta Gizarte Politikako sailaren artean, lortutako akordioa azpimarratu du Peñak. Uliazpi bezalako erakunde bati berez aitortu behar litzaioken transbertsalitatearen adibide jo du Diputatuak akordio hau eta hori txalotu du Zubietako egoitzara egindako gaurko bisitaldian.

Zubieta zentroak eguneko zentro bat du, 87 plazarekin, eta 6 etxebizitza independente, 72 plazarekin. Gainera, bertan arreta jasotzen duten pertsonen senitartekoen beharrei ere erantzuten zaie. Zentroa guztira 14 eraikinez osatzen da. Izan ere, etxebizitzez gain, bulegoak, garbitegia, sukaldea, aldagelak eta fisioterapia gela ere badaude.

Orain arte, zentral termikoan gasolioa erabiltzen zen, lurpeko depositu batetik hartzen zena. Gasolio kontsumoa urteko 125.000 KW-koa zen. Horrek urteko 75.000 euroko gastua suposatzen zuen. Baina ikusi zen gasolioak duen energia kalorifikoaren % 51 soilik baliatzen zela berokuntzarako eta ur bero sanitariorako. Gainerako % 49 galdu egiten zen, batetik, galdaren errekuntza errendimendu baxuagatik, 30 urte baino gehiagoko galdarak baitziren, eta, bestetik, banaketa sistemagatik, ihes ugari eta isolamendu eskasa baitzituen.

Egindako obrak

Beraz, beroa eta ur bero sanitarioa banatzeko sareak aldatu egin dira. Gainera, galdara gelan aldaketa hidrauliko egokiak egin dira, banaketa sareetatik urak ihes egitea saihesteko, eta ura zentroko eraikin guztietara ahalik eta modu eraginkorrenean eramateko.

Banaketa sistema erabat berritu da, eta bero sare berri bat ezarri da (district heating), bi hodikoa. Horri esker, nabarmen murrizten dira banaketan gertatutako galerak. Altzairuzko hoditeria aldatu da, guztira kilometro bat baino gehiago, eta eraikin guztiak lotzen dituzten pasabideetan jarri dira, mantentze-lanak ere errazteko.

Beroa banatzeko hiru zirkuitu proiektatu dira: bata administrazio gunerako eta sukalderako; bestea igerilekurako, fisioterapia gunerako eta gune didaktikorako; eta hirugarrena etxe eta aldageletarako. Lehenengo biak egunez soilik egongo dira martxan; etxeetara eta begiraleen aldageletara doazenak, berriz, 24 orduz egongo dira martxan.

Gainera, erregulazio eta kontrol sistema berri bat jarri da. Sistema horrek, besteak beste, galdaren inpulsio tenperatura modulatu daiteke, giroko tenperaturaren arabera. Eraikin guztietan termostatoak jarri dira, bakoitzak bere okupazioaren eta barruko tenperaturaren arabera behar duen energia soilik eska dezan. Elementu horiekin guztiekin, asko aurrezteaz gain, konforta ere nabarmen hobetuko da. Aurrezpen energetikoko beste neurri batzuk ere hartu dira, hala nola ponpaketa ekipoen maiztasun aldagailuak.

Azkenik, jardueraren ingurumen inpaktua murrizteko asmoz, zentral termiko berri bat jarri da, biomasak elikatuko duena, pelleten bidez. Horrela, errendimendua hobetuko da eta aurrezpen ekonomiko nabarmena lortuko da.

Zentral termiko berria gasolio galdaren gela zaharraren ondoan dago. Zentral berrian 250 kW-ko biomasa galdara aurkitzen da; galdara hori zentroaren eskariaren oinarria estaltzeko diseinatuta dago (eskari osoaren % 93), eta galdara zaharrak martxan utziko dira, puntako kontsumoei erantzuteko.

Galdara pelletekin nahiz egur ezpalekin erabili daiteke, nahiz eta hasiera batean, ezpalen hornidura bermatzerik ez dagoenez, pelletak erabiltzea erabaki den. Gainera, gaitasun kalorifiko handiagoa dutenez, siloa betetzeko epea luzatu egin daiteke. Siloa 75 m3 ingurukoa da, eta bertan 40 tona pellet biltegiratu daitezke. Baso jatorria dute pelletek; hau da, kimikoki tratatua izan ez den egurra da, eta errauts, nitrogeno eta koro eduki oso baxuak ditu.

Epe laburrera, eguzki sistema termikoak ezartzen jarraitu nahi da, etxe desberdinen estalkietan banatuta; sistema honekin, ur bero sanitarioaren eskari zati handi bati erantzungo zaio.