Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak Gipuzkoako enpresak lagunduko ditu Kolonbiako ingurumeneko foro handienean

José Ignacio Asensio: "Birziklapena eta ingurumena aukera bikaina dira industria aurreratu bat sendotzeko eta enplegu berdea sortzeko Gipuzkoan"

2017·06·01


Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak Gipuzkoako enpresak lagunduko ditu Kolonbiako ingurumeneko foro handienean

José Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak Kolonbiara bidaiatu du ACODALen 60. kongresura. Kongresua maiatzaren 31tik ekainaren 2ra izango da Cartagena de Indias-en. ACODAL Kolonbian egiten den ingurumenari buruzko ekitaldirik garrantzitsuena da, eta Latinoamerikako garrantzitsuenetako bat. Bertan, erakundeetako, enpresetako eta irakaskuntzako 2.000 pertsonatik gora biltzen dira.

 

José Ignacio Asensio ACODALen izateak helburu du Gipuzkoan aplikatzen diren hondakin kudeaketa ebazpenak aurkeztea eta eremu horretan lanean ari diren Gipuzkoako enpresei laguntza eta babesa ematea. Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat duen oihartzunari dagokionez, parte hartzea garrantzitsua da, Kolonbia baita Latinoamerikako herrialdeen artean euskal enpresen jomuga nagusi, eta bertako azpiegiturak garatzeko planak aukera bikaina baitira enpresa horientzat.

 

Aurreikusten diren jarduera nagusien artean, gaur, asteazkena, goizeko 10etan Kolonbian, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua eta Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordea Eko-Rec Gipuzkoako enpresaren eta Kolonbiako talde handi baten arteko hitzarmenaren sinadura-ekitaldian izango dira. Akordioaren  edukiak dira hondakinak modu berezituan biltzeko ebazpenak eta polietilen tereftalatoaren eta beste hondakin zati batzuen birziklatze plantak instalatzea "hasi eta buka".  Harreman horien helburua da Kolonbian antzeko ezaugarriak dituzten plantak instalatzea. Osagai asko Euskadin ekoiztuko dira.

 

Eko-Rec enpresaz gain, Gipuzkoako beste enpresa batzuk ere atxiki dira akordiora: Bascotecnia eta Biurrarena, adibidez.

 

Bestalde, ostegunean, Ingurumeneko diputatuak jardunaldia zabalduko du Gipuzkoako hondakinen kudeaketari buruzko ponentziarekin. Arratsaldean, Asensiok Gipuzkoako birziklatze klusterra eta bertan dauden enpresen katalogoa aurkeztuko ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiren eta Eusko Jaurlaritzaren babesak garrantzi handia du, abal bat baita Gipuzkoako enpresentzat, eta erakusten du interesa dagoela industria alor hori bultzatzeko, teknologia berdeekin eta birziklatzearekin zerikusia duena. Zentzu honetan, José Ignacio Asensiok nabarmendu duenez, "ingurumena eta birziklatzea aukera bikainak dira aberastasuna eta enplegu berdea sortzeko Gipuzkoan".

 

Kolonbiara abiatuko diren Birziklatze Klusterreko enpresak hauek dira: Eko-rec, Biurrarena, IK4, Tecnalia eta Ekog3r.