Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Kolonbian izan zen Acodal Biltzarrean landutako harremanen emaitza

Kolonbiako Atlantikoko Eskualdeko Korporazioak (CRA) Gipuzkoako Eko3r enpresa bisitatuko du, zeina espezializatua baita etxeko olio erabilien birziklapenean, geroko merkataritza-akordioak aztertzeko Asensiok hau esan du: “birziklapen enpresek negozio aukera handiak dituzte kanpoaldean”

2017·06·23


Kolonbian izan zen Acodal Biltzarrean landutako harremanen emaitza

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, José Ignacio Asensiok, gaur goizean hartu du CRA–Kolonbiako Atlantikoko Eskualdeko Korporazioaren ordezkaritza bat, Euskadin baitago egun hauetan, gai hauen kudeaketaren gaineko euskal esperientzia ezagutzearren: hondakinak, birziklapena, naturagune babestuak eta biodibertsitatea, eta uraren zikloa.   

Topaketa hori Kolonbiako naturaguneen, uren eta saneamenduaren ingurumen kudeaketako ordezkari gorenekin landutako harremanen emaitza da. Izan ere, harreman horiek maiatzean Cartagena de Indiasen izan zen Acodal Biltzarraren esparruan landu ziren, non Gipuzkoako ordezkaritza batek parte hartu baitzuen, Foru Aldundiko Ingurumen diputatua buru zela. Kolonbiako eskualdeko korporazio autonomoak ingurumen arloko hango eskualde mailako agintaritza nagusiak dira, eta beren ardurapean dute ingurumena eta baliabide natural berriztagarriak kudeatzea, eta haien garapen iraunkorra sustatzea.

José Ignacio Asensiok adierazi duenez, birziklapenarekin lotutako Gipuzkoako enpresek jakin-min handia piztu zuten Kolonbian, eta horrek erakusten du negozio aukera handiak dituztela kanpoaldean.

Ordezkaritzak, Korporazioko zuzendari nagusi Alberto Escolar buru duela, gertutik ezagutu nahi izan du zer esperientzia duen Gipuzkoak hondakinen kudeaketa integralean, obra hidraulikoetan eta saneamenduan, eta interes horrek, gerora, berekin ekar ditzake lankidetza-itunak eta akordioak.

Topaketa horretan, Asensiok xehetasunak eman dizkie Gipuzkoako hondakinen kudeaketa integralaz eta azpiegitura-planez, eta Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako zuzendari Paco Alonsok, bestalde, azaldu die zer plangintza duen uren saneamendu eta hornidurak Gipuzkoan.

Ordezkaritzak Eko3R enpresa ere bisitatu du, GK Recycling klusterreko kidea baita, etxeko olio erabilien birziklapenean espezializatua. Enpresa horrekin Kolonbiako Acodal Biltzarrean landu ziren hasierako harremanak, eta interes handia dago Latinoamerikako herri horretan soluzioak ezartzeko. Acodal Biltzarrean bertan, Gipuzkoako beste enpresa batzuk ere aurkeztu ziren, hala nola Ekorec, Biiurrarena eta Ik-4, eta lanean ari dira merkataritza-akordioak ixteko; egiaztatu dutenez, jakingura handia dago beren produktu eta zerbitzuekiko, zeina epe ertainera gauzatu baitaiteke eskabideetan eta birziklapenaren sektorearen kontsolidazioan.