Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Biohondakinen bilketa 8 puntu igo da iazko aldean

Biohondakinen bilketaren hobekuntzak 5. edukiontziaren eraginkortasuna frogatzen du. Birziklatze tasa % 47,25ekoa da, eta 2020. urterako Europar Batasunak ezarritako helburutik hiru puntura dago.

2016·10·05


Biohondakinen bilketa 8 puntu igo da iazko aldean

- Paperaren eta kartoiaren birziklatze tasak Europan 2020rako ezarritako helburuak gainditzen ditu.
- Hobekuntza mankomunitate guztietan gertatu da Urola Erdia eta Tolosaldean izan ezik.
- José Ignacio Asensiok ontziak biltzeko indizeak hobetzeko ahalegin berezia egiteko konpromisoa hartu du.

Ingurumeneko foru diputatu José Ignacio Asensiok etxeko hondakinen bilketari buruzko 2016ko lehenengo seihileko datuak eman ditu.

Datuak oso onak direla jakinarazi du, iazko aldean gaikako bilketa tasa igo egin dela adierazten baitute, eta horrek Gipuzkoarrek duten kontzientziazio eta konpromiso maila altua erakusten du. Gaikako bilketaren tasa % 50,82koa izan da, hau da, 2015ean baino 1,73 puntu gehiago; baina benetan igoera nabarmena materia organikoaren birziklatze tasan gertatu da, % 37,58ko tasara iritsi baita, iaz baino 8,52 puntu gehiago.

“Materia organikoa bereizita biltzeko sisteman izandako hobekuntzak 5. edukiontziaren eraginkortasuna frogatzen du;  beste bilketa-sistema batzuena baino handiagoa da, bilketa-sistema atsegina baita, hiritarrei eragozpenik sortzen ez diena” adierazi du Asensiok. Herritarren konpromiso handi hori goraipatu eta eskertu du eta konpromiso eta elkartasunaren bidetik jarraitzeko animatu ditu herritarrak.  

Dena dela, Ingurumen diputatuak lanean jarraitu beharra dagoela azpimarratu du.   “Bilketa eta birziklatze maila altuak lortu ditugu, eta hondakin mota batzuetan Europar Batasunak 2020rako ezarritako helburuak ere gainditu ditugu, baina herritarrak kontzientziatzeko lanean jarraitu behar dugu birziklatze mailarik altuenak lortzeko, arreta berezia jarrita ontzien bilketari, Europak ezarritako helburutik urrutien gaudelako arlo horretan”.

Birziklatze maila desberdina da hondakin motaren arabera. Horrela, 2015ean, beiraren kasuan, ezarritako % 75eko helburua gainditu zen; orain pixka bat jaitsi da eta hortik behera dago, baina tasa hain da altua, ezen normala baita gorabeherak izatea. Paperari eta kartoiari dagokionez ere gainditu egin da helburua (% 70), % 71,19ko tasara iritsi baita.  Ontzien kasuan, ordea, helburua oraindik urruti dago (% 70), birziklatze tasa % 51,99koa baita. Biohondakinei begiratuta, tasa 8,52 puntu igo da, baina oraindik 12 puntu gelditzen dira helburua lortzeko.

Nolanahi ere, grafikoan ikusten denez, birziklatze tasek gora egin dute kontzeptu guztietan, beirari dagokionean izan ezik, pixka bat jaitsi baita, baina hala ere tasa oso altua da oraindik.

Igoera hori mankomunitate guztietan gertatu da, Urola Erdian eta Tolosaldean izan ezik –azken hauetan zertxobait egin du behera–. Asensiok azaldu du mankomunitateen arteko desberdintasunak ez direla bilketa motaren ondorio, baizik eta gaikako bilketa sistemak egotearen edo ez egotearen ondorio, besteak beste, bosgarren edukiontzia, atez atekoa, edo sistema mistoak, halakoak dauden mankomunitateetan emaitzak besteetan baino nabarmen hobeak baitira.

Dokumentazioa