Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Energiaren kontsumoa murrizteko informazio erabilgarria guztiontzat

 

Hemen, zure eskura jartzen dugu energia kontsumoa murrizteari eta eraginkortasun energetikoari buruzko informazioa.

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Ostatu hartzeko 3 proposamen, turismo arduratsuaren alde

Ostatu hartzeko 3 proposamen, turismo arduratsuaren alde

Gero eta ohituago gaude oporraldietan, eta bereziki udan, aisialdiko jarduerak ingurumenaren gainean duen eragina murriztera zuzendutako mezuak irakurtzen eta entzuten. Adibide garbiena gure egonaldian ura aurrezteko garrantziaz ohartarazten diguten  hotel-establezimenduetako kartel ezagunak dira.

Oraingo honetan, ingurumenarekin duten konpromisoari begiratuta, 3 erreferentziazko ostatu mota proposatu nahi dizkizuegu, hurbil ditugun beste helmuga batzuen artean.

 

Landetxe autarkiko bat

Arraratsen, Nafarroan, erortzeko zorian zegoen baserri zahar bat landetxe egoki eta abegikorra da gaur egun, Kaaño Etxea. Energiaren ikuspegitik, ostatua nabarmentzen da eraginkortasun handikoa delako. Bioeraikuntzako tekniken bidez eraberritu zen, eraikina inguruneko klima-baldintzetara egokituz - bioklimatismoa - eta Feng Sui-ren nahiz geobiologiaren teknikak erabiliz espazio osasuntsu eta orekatuak sortzeko.

Eraikuntzak berezkoa duen energia-eskaera txikiari berezitasun bat gehitu behar zaio, alegia, bero- eta elektrizitate-hornikuntza iturri berriztagarrietatik soilik lortzen dela: haize-energia eta eguzki-energia fotovoltaikoa elektrizitatez hornitzeko; eta biomasa, berotzeko, bai horma bero-emaileen bidezko berokuntza erabiliz, bai berokuntza zuzenaren bidez, gela nagusian dagoen tximinia erabiliz.

Aukerako lekua gozatzeko eta ingurumena errespetatzeko!

http://www.kaanoetxea.com/

 

Kanpin batera? Ez, eko-kanpin batera!

Nafarroan ere bai, Arbizun, kanpin berezi bat dago, Arbizuko Eko Kanpina; bertako instalazioen eraikuntza eta era askotako zerbitzuen hornidura oinarrituta daude bioeraikuntzan, bioklimatismoan eta iturri berriztagarrietan. Kanpineko eraikin partekatuak birziklatutako pneumatikoen eta hartxintxarraren gainean finkatuta daude, hormigoiaren ordez, lasto-fardelak erabili dira hormak egiteko, eta estalkiak berdeak dira. Beste alde batetik, dauden bungalowak ere zurez eraiki dituzte, eta orientazioari nahiz diseinuari dagokienez, bioklimatologiaren irizpideak erabili dira.

Iturri berriztagarriak bertan kokatuta daude: haize-sorgailu txikien multzo bat, kanpina kanpoko elektrizitateaz hornitzeko, eta biomasa (pelletak eta oliba-hezurrak) komunetan eta harrasketan ur bero sanitarioa sortzeko eta bungalowetako berokuntzarako neguan.

Eta ez dugu ahaztu behar bainu ona hartzeko laku naturalizatu bat eraiki dutela, silizea, harea eta harriak erabilita, eta lakuak ur-landareak dituela, ura beti garbi eta garden mantentzen dutenak.

http://www.campingarbizu.com/

 

Eko-aterpe bat barruti teknologikoan

Bartzelonako 22@ Barrutian Twentytú hostel izeneko eko-aterpea dago, entzute handiko sari eta ezagutza ugari jaso dituena; aterpean, eraikuntzaren eta instalazioen eragingarritasun handia eta teknologia berrien arloan izandako azken aurrerapenak batzen dira.

Eraikin domotikoa da, etengabe monitorizatuta dagoena, eta kalifikazio energetikorik altuena, A, lortu du elementu hauei esker: LED teknologia, eraikin osoa argiztatzeko; abiadura aldagarriko motorrak, ponpa eta haizagailuetarako; beroa berreskuratzeko eta freecooling sistemak; erabilitako urak berreskuratzea; hondakinen bilketa pneumatikoa; edo fatxada aireztatua, eraikinaren inguratzailea eratzen duena.  

Baina, aterpea bereziki nabarmendu behar dugu Bartzelonako barrutiko klimatizazio-sarearen sistemarekin - DISTRICLIMA - konektatuta dagoelako. Hotelak ez du berezko klimatizazio-instalaziorik, hotzaren eta beroaren hornikuntza, oso-osorik, kanpoko klimatizazio-sarearekin konektatutako trukagailuen bidez egiten da, eta, aldi berean, hiri-hondakinen balorizazio-zentraleko hondar-beroa aprobetxatzen da.

Aterpe iraunkor eta merkea, inondik ere, ahalik eta eragin txikiena sortzeko!

http://twentytu.com/es/

 

Neurtu zure karbono-aztarna

Egonaldi arduratsuaz gain, zuen lekualdaketen ondorioz gertatzen diren CO2 igorpenak konpentsatu nahi izanez gero, badira karbono-aztarnaren hainbat kalkulagailu; horien bidez, norberaren eragina zenbatetsi eta gero, igorpenak konpentsa daitezke inbertsio txikiak eginez, Afrika, Asia edo Hego Amerikako komunitate askoren garapenera zuzendutako proiektu praktikoak bultzatzeko.

http://calculator.carbonfootprint.com/calculator.aspx?lang=es