Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Azterlanak, ziurtapenak, auditoriak eta ezaugarrien azterketak

Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikin eta instalazioetako eraginkortasun energetikoari buruzko aurreneko azterlana 2009. urtean egin zen, eta behin eraikin guztietako egoera energetikoa  aztertu ondoren, kostu energetikoak murriztu eta kontsumo energetikoaren optimizazioa lortzeko jarduteko metodologia egokia definitzeko balio izan zuen azterlan horrek.

Azterlanaren arabera, Diputazioaren eraikinetako kontsumo energetikoaren % 90 eraikin horietako 12tan soilik kontzentratzen zen, eta eraikin horiek % 18ko aurrezteko potentzialitatea zuten.

Diputazioak bere kontsumo energetikoa hobetzeko eta, aldi berean, kontsumoa iraunkorragoa bilakatzeko, ondorengo neurriak hartzea proposatu zuen:

  1. Eraikin guztietan energiaren kudeaketa integraleko sistema bat ezartzea.
  2. Gasolio kontsumoak iraunkorragoak diren beste kontsumo batzuekin ordeztea (merkeagoak, gutxiago kutsatzen dutenak).
  3. Ur bero sanitarioa kontsumitzen duten eraikinetan eguzki-energia termikoko instalazioak ezartzea.
  4. Teilatu egokiak dituzten eraikinetan eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioak ezartzea.
  5. Eraikin guztietan energia aurrezteko neurriak eta energia eraginkortasuneko neurriak (argiztapena, berokuntza/klimatizazioa) ezartzea.
  6. Eraikin berriak diseinatu edo lehendik daudenak zaharberritzeko, energia aurrezteko eta energia eraginkortasuneko irizpideak erabiltzea.

Hurrengo urteetan, GFAk hainbat auditoria energetiko eskatu izan ditu, kontsumo energetikorik handiena zuten eraikinetan eraginkortasuna hobetzeko aukera posibleak detektatzeko asmoarekin betiere.

Zentzu honetan, nabarmentzekoa da 2014. urtean amaitu zen energiaren ezaugarrien azterketa  hautatutako bederatzi eraikinen gaur egungo arazoak eta baita eraikin horiek zaharberritzeko eta horietan modu eraginkorrean jarduteko neurrien bideragarritasuna zehatz-mehatz ezagutzeko modua eman baitu. Eraikin horiek monitorizatu egin ziren bederatzi hilabetez, eta hiru eraikinetan egindako infiltrazioko testaren emaitzen azterketak eraikin bakoitzera bideratutako hobekuntza energetikoko proposamen bat lortzeko modua eman zuen.

Azkenik, eraikinetako eraginkortasun energetikoa sustatzeko helburuarekin eta normalean jende asko ibiltzen den eta 250 m2-tik gorako azalera erabilgarri osoa duten eraikinen edo eraikin zatien ziurtapen energetikoaren premia ezartzen duen araudia betetze aldera (ingurune baten parte direlako, edo eraikin horiek balio arkitektoniko edo historiko berezia dutelako ofizialki babestutako eraikin eta monumentuen kasuan izan ezik), Gipuzkoako Foru Aldundiak eraginkortasun energetikoko ziurtagiria lortu du horretara behartuak zeuden eraikinen kasuan.