Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Gipuzkoako azpiegitura publikoak

Gipuzkoan, honela osatzen da etxeko hondakinen, horien antzekoen, eta merkataritzako hondakinen kudeaketa: alde batetik, jarduketa multzo bat dago, eta bestetik, azpiegitura elkartuak. Horiei guztiei esker egin daiteke hondakinen kudeaketa zuzen bat.

Hondakinak kudeatzeko azpiegiturak bi kategoriatan sailkatu daitezke: BEHEKO SAREAN eta GOIKO SAREAN sartzen direnak.

BEHEKO SARETZAT hau ulertzen dugu: etxeko hondakinen, horien antzekoen, eta merkataritzako hondakinen mugimenduari lotutako kudeaketa eta aktibo multzo bat, haien sorburutik transferentziaguneetara iristen diren arte, edo, hala badagokio, hondakinak tratatzeko azken instalazioetara iristen diren arte, edo bestela, dagokion kudeatzailearen eskuetan uzten diren arte. Beraz, herriz herri egiten den bilketa da. Beheko sareak garbigune (bilketa-gune) sare zabal bat du, lurralde osoan zehar banatua. Garbiguneak (bilketa-guneak) gremio, denda eta partikularrentzako zentroak dira, non gaika utz daitekeen hondakin sorta zabal bat, hala nola altzari eta tresnak, etxetresna elektrikoak, plastikoak, zura, txatarra, etxeko hondakin arriskutsuak, etxeko eraikuntza eta konponketa obra txikietatik datozen eraiste-hondakinak, eta abar.

GOIKO SAREA, berriz, hondakinen honelako kudeaketa da: mankomunitateek transferentziaguneetan utzi, eta hondakinak tratatzeko azken instalazioetara garraiatzekoak diren hondakinen kudeaketa. Eremu horretan, azpiegitura hauek daude:

 

- Ontziak sailkatzeko plantak

Ontzi arinak bide publikoan dauden edukiontzi horietan gaika bildu ondoren, ontziak sailkatzeko plantetara eramaten dira, eta han fabrikazio materialaren arabera sailkatzen dira: polietilen tereftalatoa (PET), brika, metalak, aluminioa eta abar. Behin ontzi arinak materialen arabera sailkatuta daudenean, planta espezializatuetara bidaltzen dira, birziklatzeko.

 

- Konposta egiteko instalazioak

Biohondakina kudeatzeko (janari hondarrak, inausketakoak eta lorezaintzakoak), konpost egiten da, hau da, materia organikoaren deskonposizioz, konpost bat lortzen da, zeina ongarritarako erabil baitaiteke lorategi publikoetan, paisajismoan, lurzoru degradatuen leheneratzean eta abar.

 

- Etxeko hondakinen, horien antzekoen eta merkataritzako hondakinen zabortegiak

Halako hondakinak lurpean sartuz haiek ezabatzeko instalazioak dira. Hainbat neurri hartzen dira gas eta lixibiatuen isurketak kontrolatzeko. Lapatxeko zabortegia da une hauetan lurraldean eraginkor dagoen bakarra, eta hondakinez betetzetik gertu dago.

 

- Transferentziaguneak

Bitarteko instalazioak dira, eta aukera ematen dute etxez etxeko bilketa zerbitzuen bitartez bildutako hondakinak egokitzeko, gero, hondakinak tratatzeko azken instalazioetaraino garraiatuak izan daitezen. Instalazio horiei esker, hondakinen tokialdaketa eraginkorragoa da, karga handiagoko kamioiekin egiten baita.

 

- Gipuzkoako Ingurumen Gunea

Gipuzkoako Ingurumen Guneak , barnean hartuko du azpiegitura eta instalazio osagarrien multzo bat, aukera emango duena, alde batetik, errefusa tratatzeko, balorizazio energetikoaren bidez, eta bestetik, biohondakina tratatzeko, biometanizazioaren bidez.

Gipuzkoako Ingurumen Guneak ingurumenaren gaineko eraginari buruzko eta ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak bete ditu eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena eta ingurumeneko baimen bateratua 2016ko otsailean lortu zituen (EBAZPENA, 2010eko apirilaren 23koa, Ingurumeneko sailburuordearena, 2011ko otsailaren 7ko EHAA, 25 zkia).

Ikusi ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena eta ingurumeneko baimen bateratua.

Ondoren, 2016ko apirilean, bi hauek aldatzen dituen ebazpena eman zen (EBAZPENA, 2016ko apirilaren 11koa, Ingurumeneko sailburuordearena).

Ikusi ebazpena.

Honetaz gain, "Estudio sobre los impactos socio-económicos y ambientales de la nueva planta de valorización energética de residuos urbanos de Gipuzkoa" (g-advisory, 2016ko uztaila) izeneko txostena landu da, Gipuzkoako Ingurumen Gunea eraikitzearen eta martxan jartzearen gizarte eta ekonomia onurak zenbatesten dituena.

Ikusi txostena.