Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Prebentzioa

Hondakin kudeaketaren erronka nagusia da horien prebentzioa. Hondakinek ingurumenean duten inpaktua gutxitzeko ezinbestezkoa da gutxitzea hondakin sorrera eta hondakinek duten izaera arriskutsua. Hondakin onena sortzen ez dena da. Ildo honetan, hondakin hierarkiak argi adierazten du zeintzuk diren hondakin kudeaketaren lehentasunak.

Hondakin prebentzioak, bestelako kudeaketa aukerekiko abantaila nabarmenak ditu, besteak beste, lehengaien kontsumoa gutxitzea, hondakinek ingurumenean duten eragina gutxitzea eta hondakin kudeaketaren kostuak gutxitzea.

Prebentzioari dagokionez, honakoak dira, besteak beste, lan-ildo nagusiak:

 

1. Hiri hondakinen sortze-prebentzioaren, berrerabilpenaren eta birziklatzearen arloko jarduketetarako diru laguntzak emateko programa.

Udalei, mankomunitateei eta irabazirik gabeko elkarteei zuzendutako urteroko diru laguntzen lerro bat du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Diru-laguntza horren bitartez sortze-prebentzioari, berrerabilpenari eta birziklapenari bideratutako ekintzak finantzatzen dira.

2. Elikagaien xahuketaren prebentzioa.

Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean ari da Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin eta elikagai sektoreko hainbat enpresarekin elikagaien xahuketaren kontra. Lankidetza emankor horri esker, merkaturatu ezin diren elikagai kontsumigarrien bilketa eta horien banaketa egin da kolektibo desfaboratuen artean. Lankidetza martxan jarri zenetik, urtean, bataz beste, 700.000 Kg elikagai bildu eta banatu dira, beste modu batean hondakin gisa kudeatuko zirenak.

3. Hondakinen prebentziora, berrerabilpenera eta birziklatzera bideratutako proiektuak abian jartzeko hainbat elkarterekin, erakunderekin eta ikastetxerekin adostutako lankidetza.

Hainbat elkarte, erakunde eta ikastetxeren lankidetzari esker jarduketa ugari burutzen dira, besteak beste: urteroko Hondakinen Prebentzioaren Europako Astea , ikastetxeei zuzenduriko hondakinen prebentzio eta birziklapenerako kanpainak, gazte ikerlariei bideratutako laguntzak, materialak birziklatzeko eta berrerabiltzeko hainbat Ekocenter abian jartzea, ekodiseinu gelen sustapena, hondakin kudeaketan enpresa txikiei zuzenduriko laguntza, merkataritzan hondakinen sorrera murrizteko ekimenak, komunikazio eta sentsibilizazio kanpainak, objektuak trukatzeko ekimenak eta abar.

4. Etxeko konpostajea.

Etxeko konpostajea zuzenduta dago etxean lorategi edo baratzea duten pertsonei edo familiei, etxeko sukaldean eta espazio berdean sortutako materia organikoa konpostatzeko.