Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

TA21arean egoera Gipuzkoan

Tokiko Agenda 21ak ia guztiz ezarri dira Gipuzkoan. Izan ere, Lurralde Historikoa osatzen duten 88 udalerriek, une batean edo bestean, hasiera eman diote TA21eko berezko programa bati, eta horietatik, 84k eta bi eskualdek, gainera, tokiko iraunkortasunera zuzendutako Tokiko Ekintza Plana onartu dute. 2002. eta 2008. urteetan eman zitzaion TA21ari bultzadarik handiena, tokiko ekintza plan gehienak onartu ziren aldian, hain zuzen ere, eta, nahiz eta TA21eko prozesuek geroago izan dituzten garapenak desberdinak izan diren, 57 udalerrik dituzte, gaur egun, TA21ak, askotariko indarraldi eta dinamismo mailekin.  Hainbat udalerritan, TA21a osagai nagusia, edo, gutxienez, garrantzitsua izan da, udal plangintza eta kudeaketa osatzen dituzten osagaien artean; beste batzuetan, berriz,, TA21 tresnaren eta markaren pixkanakako utzikeria nabarmendu da.

Gutxi gorabehera, lurraldeko udalerrien laurden batek TA21en kudeaketa aktiboa eta berariazkoa burutzen du, eta halaber, bere planifikazioa berrikusi du, bide emanez, orokorrean, aurreko belaunaldikoak baino ekintza plan landuagoetarako eta kalitate handiagokoetarako. Udalerri horietan Tokiko Ekintza Plana berrikusteak TA21arekiko konpromisoa berrestea ekarri du, baita ordura arte prozesuaren parte hartzaile sentitzen ez ziren udaleko eragileen eta departamentuen parte hartzea ere. Oro har, udal multzo horrek tokiko ekintza planen ezarpenaren aldizkako jarraipen lanak egiten ditu; ebaluazio horren emaitzak argitaratzen ditu, eta TA21a koordinatzeko izendatutako pertsona bat du.

Udalerrien ia heren batek, ordea, ez du, gaur egun, TA21aren erabilera aktibo bat egiten, nahiz eta gehienek eduki beren udaleko osoko bilkurek onartutako iraunkortasun planak.

Gainerako udalerrietan, TA21 prozesuak bitarteko egoera batean daude, TA21en inguruan hainbat jarduera burutzen baitituzte, baina ez dute udal politiketako partaidetzan edo planifikazioan funtzio esanguratsurik betetzen. Udalerri horietako gehienetan Ta21eko prozesuetako jarraipena eta bizkortasuna baldintzatzen dituen alderdi bat da haien tokiko ekintza planen adin handia. Tokiko Ekintza Plana eguneratu gabe izateak haren baliagarritasuna baldintzatzen du, iraunkortasunaren helburuak lortzeko, planifikazioko tresna gisa, edo gai publikoen kudeaketa eta partaidetza tresna gisa.

Bestalde, zuzeneko lotura bat dago udalean TA21aren koordinazio teknikorako pertsona bat izendatua izatearen edo ez izatearen, eta prozesuaren bizkortasunaren artean. Izan ere, TA21a ezartzeko, haren jarraipena egiteko eta eguneratzeko teknikari arduradunik ez egoteak berekin ekartzen du TA21ak udal jardueretan zentraltasuna eta presentzia galtzea.

 

 

TA21 garatzea eta tresna gisa haren potentzialtasunak zabaltzea baldintzatu duten, eta batzuetan, eragotzi duten sakoneko faktoreak askotarikoak eta konplexuak dira

Alderdi hauek hartzen ditu barne: politika publikoen planifikazioan hutsuneak egotea, hiritarrak politika horietan parte-hartzaile izateko zailtasunak eta erresistentziak, egitura administratiboen zurruntasuna eta hermetikotasuna, alderdi metodologikoak edo ikuspuntu desberdinak, aldi baterako lan eskalei dagokienez, TA21ak ezartzeko eta garatzeko ardura duten eragileen artean. Baldintza horiek gainditzeak eta TA21 baten kalitatezko garapenak eskatzen dute ez bakarrik ingurumen politika gainerako politiketan sartzea, baita ere gobernantza publikoaren eta errutina administratiboak berritzea tokiko eskalan.