Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Kontzientzia aldarrikatu du Aldundiak eta lanean jarraituko du Life Lema programan eta hondartzen garbiketan Flyshean agertutakoak bezalako hondakinak gure kostaldeetara iritsi ez daitezen

2018·10·23


Kontzientzia aldarrikatu du Aldundiak eta lanean jarraituko du Life Lema programan eta hondartzen garbiketan Flyshean agertutakoak bezalako hondakinak gure kostaldeetara iritsi ez daitezen

Aldundiko Ingurumeneko eta Turismoko Zuzendaritzek beren nahigabea adierazi dute Gipuzkoako kostaldeko Flyshean egun hauetan plastikoz beteta ikusten zen egoeraren aurrean.

 

“Itsasoetako kutsadura arazo global bat izan arren, tamalez Gipuzkoak ere jasaten du arazo hori, eta horregatik, ekimen zehatzekin lanean jarraitu behar dugu gure lurraldetik, gure itsasoetako kutsadura desagerrarazi arte murrizten joateko”, adierazi du Ingurumeneko Zuzendari Mónica Pedreirak.

 

Horregatik, 2016az geroztik Ingurumeneko Zuzendaritza lanean ari da Life Lema proiektuan, Aztirekin eta Surfrider-ekin batera, itsasoak garbitzen eta herritarrak kontzientziatzeko lanetan. Proiektu pilotu bat da, Europar Batasunak batera finantzatua, eta gida metodologiko bat eskainiko die tokiko agintariei itsas zabor flotatzailea eraginkortasunez kudeatzeko. Proiektu honek mugaren bi aldeetan ditu bazkideak: AZTI eta Suez Rivages Pro Tech ikerketa zentroak, Syndicat Mixte Kosta Garbia tokiko administrazioak eta Biarritzeko Udala, baita Surfrider Foundation Europe GKE ere.

 

Hain zuzen ere, aurten, Ingurumen Departamentuak arreta berezia jarri du hondartzen garbiketan eta, izan ere, bildutako hondakinak % 18 gutxiago izan dira joan den urtekoen aldean. “Gure ustez gipuzkoarrak oso kontzientziatuta daude plastikoen erabilera okerrari buruz eta gure urak ez kutsatzearen premiari buruz, baina nabarmendu eta elkarrekin lanean jarraitu beharrean gaude kontzientziazio maila erabatekoa izatea lortzeko”.

 

Plastikoaren erabilera okerrak dakartzan ondorioek oso kalte larriak eragiten dituzte, gure itsaso eta ibaietako kutsadura, besteak beste, eta jakina denez, naturan betiko geratzen den kutsatzaileetako bat da plastikoa. Gaur egun, botilek eta poltsek plastikozko ur gaineko uharte bat osatzen dute, eta mundu osoko ozeanoetan ikus daiteke, baita gure itsasoetan ere, tamalez. Material horiek hegaztiek eta itsas ugaztunek irensten dituzte sarritan, eta haien heriotza eragin dezakete.

“Horregatik, lehentasunezkoa da instituzioak, herritarrak banaka zein taldean, eragile sozialak, enpresak eta ikastetxeak arazo horretaz jabetzea, eta gure eguneroko bizitzan beste mota batzuetako materialak erabiltzeko ohitura zabaltzea, naturari kalterik ez egitearren”, adierazi du Ingurumeneko Zuzendariak.

Turismoko Zuzendari Maite Cruzadok, bere aldetik, azpimarratu egin du “edertasun handiko gure baliabide naturalak arretaz zaintzearen” premia.

Bi zuzendarientzat, ekimenak eraman behar dira aurrera, esate baterako, Oier Bartolomé surflariak hedarazitako bideoa, Flyshean agertu diren hondakinak denuntziatzen dituena, halako ekimenek aukera ematen dutelako “arazo horri ikusgarritasuna emateko eta, herritarrengandik eta elkarlanean eta noranzko berean, gure bizitzatik kutsadura oro desagerrarazteko erronkari aurre egiteko”.