Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Aldundiak eta Kontsortzioak Gipuzkoako Ingurumen Gunearen bigarren fasea garatzeko tramiteak abian jarri dituzte (GIG-2)

2017·08·01


Aldundiak eta Kontsortzioak Gipuzkoako Ingurumen Gunearen bigarren fasea garatzeko tramiteak abian jarri dituzte (GIG-2)

José Ignacio Asensio: “GIG-2ri esker Gipuzkoak konponduta edukiko du hondakinen inguruko arazoa legealdi honen amaierarako”.

 

GHKren administrazio-kontseiluak azpiegituraren aurreproiektua eta bideragarritasun-plana onartu ditu, eta Batzarrak irailaren 5ko bileran onartzeko aurkeztuko dira.

 

Gunearen bigarren faseak biometanizazio planta bat eta zepen balorizazioko beste bat izango ditu; 37 milioi euro baino gehiago inbertituko dira.

 

GHKren presidente José Ignacio Asensiok datorren irailaren bostean Hondakinen Partzuergoaren Batzarra egiteko deia luzatu du, Gipuzkoako Ingurumen Gunearen (GIG-2) bigarren fasea kontratatzeko tramiteak hastea onartzeko. Aurretik, GHKren administrazio-kontseiluak aurreproiektua eta bideragarritasun-plana aztertu eta onartu ditu. Azpiegiturak biometanizazio-planta bat eta zepak heltzeko beste planta bat ezarriko ditu.  Bi instalazio horiek GIG-1a osatzen duten tratamendu mekaniko-biologikoko plantari eta balorizazio energetikoko plantari gehitzen zaizkie, eta Gipuzkoako hondakinei azken tratamendua emateko azpiegituren sistema osatzen dute. GIG-2a Eskuzaitzeta poligonoan —Zubietako esparruan— kokatuko da 31.988 m2-ko partzela batean, GIG-1etik 300 metro eskasera.  Ingurumen Gunearen bigarren fasearen (GIG-2) inbertsioa 37 milioi euro ingurukoa izango dela aurreikusten da.

 

GIG-2ren gauzatzea lehenengo fasearekin paraleloan egingo da eta obrak aldi berean amaitzea aurreikusten da legealdi honen bukaeran. Obrak 2018ko maiatzean hastea aurreikusten da, hamabi hilabeteko eraikuntza-epearekin, eta 2019. urtean martxan egongo dela pentsatzen da. Horren inguruan, Ingurumen diputatu José Ignacio Asensiok esan du urrats erabakigarria dela, “GIGen bi faseak martxan jarrita, legealdiaren amaieran Gipuzkoak hondakinen arazoa konponduta izango duelako, eta herritarrekin hartutako konpromisoa beteta egongo delako”.

 

GIG-2n aurreikusitako biometanizazio plantak urtean 40.000 tonako tratamendu-gaitasuna izango du hasieran eta gaika bildutako materia organikoa jasoko du. Instalazio horrek hondakinen zatiki organikoaren bitartez biogasa lortzeko teknologia edukiko du eta energia sortuko du. Zepen balorizazio plantak balorizazio energetikoko plantatik eratorritako hondar solidoei tratamendua emango die —52.000 Tn/urte ahalmena izango du— eta arido birziklatuetan bilakatzeko prozesu ezberdinak garatuko ditu, obra publikoan erabili ahal izateko (errepideak, eta abar). Martxan jarri ondoren, GIG-2k 30 lanpostu zuzen sortuko dituela kalkulatzen da.

 

GIG-2a garatu eta martxan jartzeko aurreikusi den kronograma Gipuzkoako Hiri Hondakinen Azpiegituretako Lurralde Plan Sektorialaren aldaketarekin hasi zen. Horren tramitazioa 2018. urtearen hasiera aldera amaitzea aurreikusten da. Horrekin batera eta aurreko epearekin bat eginez, oinarrizko proiektua egingo da eta jada eskatu da Ingurumen Baimen Bateratua GIGen bigarren faserako.  Prozesu horiek bukatu ondoren GIG-2ren instalazioen gauzatzeari eta eraikuntzari ekingo zaie. Lan horiek 2019ren erdialdera bukatuko dira, GIG-1enarekin bat eginez, eta 2019ko erdialdera jarriko dira martxan.