Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Ohiko ingurumen inpaktuaren ebaluazioa

Ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa bete behar dute jarraian adierazitako proiektuek:

  • 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, ingurumen-ebaluazioari buruzkoak, I. eranskinean aipatutako proiektuak, baita zatikatuta aurkeztutako proiektuek ere, bakoitzaren magnitudeak eta dimentsioak metatuz gero I. eranskin horretako atalaseetara iristen badira.
  • 21/2013 Legearen I. edo II. Eranskinean jasotako proiektu baten ezaugarrien edozein aldaketa, aldaketa horrek berez betetzen baditu I. eranskinean ezarritako atalaseak.
  • 3/1998 Legeak, otsailaren 27koak, Euskal Herriko ingurugiroa babesteari buruzkoak, I.B eranskinean aipatzen dituen proiektuak.
  • Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak erabaki hori hartu badu ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura batean egindako ingurumen-inpaktuaren txostenean.
  • Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar duten proiektuak, erakunde edo pertsona sustatzaileak hori eskatzen badu

 

Deskargatu dokumentua

Proiektuen ohiko IIE prozedura [pdf]

Proiektuen ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura.

Dagokion organo substantiboaren aldetik Gipuzkoako Foru Aldundian onarpena edo baimena jasoko duten proiektuek, ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa honako tramiteek osatuko dute

1. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena zehazteko eskaera

Erakunde edo pertsona sustatzaileak bere borondatez eskatu ahalko dio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuari egin dezala ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko agiria.

Horretarako, eskaerarekin batera, proiektuaren hasierako agiria ere aurkeztuko dio organo substantiboari. 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, ingurumen-ebaluazioari buruzkoak, 34.2 artikuluan ezartzen duen edukia bilduz. Organo substantiboak dokumentazio hori aztertu eta onartu eta gero ingurumen-organoari bidaliko dio, hamar laneguneko epean.

2. Kontsultak eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko agiria prestatzea

Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, aurretik erasandako herri-administrazioei eta publiko interesdunari kontsulta eginda eta publiko orokorrari eskura jarrita 30 lanegunetan, ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko agiria prestatuko du gehienez ere hiru hilabeteko epean. Agiria erakunde edo pertsona sustatzaileari bidaliko dio, baita organo substantiboari ere bai.

3. Ingurumen-inpaktuaren azterketa prestatzea eta organo substantiboari bidalketa proiektuarekin batera

Proiektuaren erakunde edo pertsona sustatzaileak prestatuko du ingurumen-inpaktuaren azterketa. Azterketa horretan bildu behar da gutxienez 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako informazioa irismeneko agirian esaten denarekin osatuta. Proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa organo substantiboari bidaliko dizkio.

4. Jendaurreko informazioaren tramitea eta erasandako herri-administrazioei eta publiko interesdunari kontsulta egiteko tramitea

Organo substantiboak proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jarraian adierazitako bi tramiteak beteko ditu, biak aldi berean egiteko aukerarekin:

  • Jendaurreko informazioaren tramitea. Proiektua baimentzeko edo gauzatzeko aplikatzekoa den prozeduraren barruan, ingurumen-inpaktuaren azterketa eta proiektua jendaurrean ikusgai jarri behar da, 30 egunetik beherakoa izango ez den epe batez, eta aldez aurretik Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta bere egoitza elektronikoa iragarrita.
  • Erasandako herri-administrazioei eta publiko interesdunari kontsulta egiteko tramitea. Organo substantiboak nahitaezko txostenak eskatu behar dizkie honako arloetan eskumenak dituzten organoei: ingurumena, kultur ondarea, jabari publiko hidraulikoa eta itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa –hiru horiei dagokienez, bidezko denean soilik–. Tramite honek gehienez ere 30 eguneko iraupena izango du, eta ingurumen-inpaktuaren azterketa eta espedientean jasotako informazio esanguratsu oro helarazi beharko da.

5. Jendaurreko informazioaren eta egindako kontsulten emaitza sustatzaileari bidaltzea, eta ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera

Organo substantiboak bidaliko dizkio erakunde edo pertsona sustatzaileari jendeaurreko informazioan eta kontsultan jasotako alegazioak eta txostenak. Erakunde edo pertsona sustatzaileak,  hala balegokio, proiektu teknikoaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketa moldatu edo aldatu ondoren, organo substantiboari aurkeztuko dio ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera, eta horrekin batera, proiektua, ingurumen-inpaktuaren azterketa, jasotako alegazioak eta txostenak, eta hauei erantzunak.

Organo substantiboak egiaztatu egingo du aurkeztutako dokumentazioaren egokitasuna, eta Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentura bidaliko du. Departamentuak, jaso duen egunetik aurrera zenbatzen hasita 20 laneguneko epean, ezestea erabaki ahal izango du, honako arrazoiren bat emanda: ingurumen-arrazoiengatik bideragarritasun eza, ingurumen-inpaktuaren azterketaren kalitate nahiko eza, eta azkenik, lehendik ere ezetsi izana edo ezezko ingurumen-adierazpena eman izana funtsean aurkeztutakoaren parekoa den proiektu bati dagokionez.

6. Espedientearen analisi teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena

Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Dokumentuak, ingurumen-inpaktuaren espedientearen analisi teknikoa egin ondoren, ingurumen-inpaktuaren adierazpena idatziko du, gehienez lau hilabeteko epean, ingurumen-inpaktuaren espediente osoa jaso duen egunetik aurrera. Epe hori beste bi hilabetez luzatzeko aukera egongo da, behar bezala arrazoitutako arrazoi justifikatuak badaude.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpena nahitaezko txosten bat da, eta bertan ezarriko da ingurumenean lituzkeen ondorioetarako plana gauzatzea bidezkoa den ala ez, eta baiezkoa balitz, zer-nolako baldintzetan garatu daitekeen, eta zer neurri zuzentzaile eta konpentsatzaile hartu behar dituen. Adierazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, eta honako webgunean argitaratzeko aukera ere egongo da

1.- Proiektuaren Hasierako Agiria:

Ingurumen organoak ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena zehazteko, erakunde edo pertsona sustatzaileak prestatuko du proiektuaren hasierako agiria, eta honako informazio hauek jasoko ditu, gutxienez (21/2013 Legearen 34.2 art.):

  1. Proiektuaren definizioa, ezaugarraik eta kokapena.
  2. Aintzat hartutako aukerak nagusiak, eta haietako bakoitzak izan ditzakeen inpaktuen azterketa.
  3. Proiektuak eragindako lurraldearen eta ingurumenaren diagnostikoa.

2.- Ingurumen-Inpaktuaren Azterketa:

Erakunde edo pertsona sustatzaileak Ingurumen-Inpaktuaren Azterketa prestatu behar du, 21/2013 Legearen VI. eranskinean zehaztutako edukiak bilduta.

Ingurumen-Inpaktuaren Azterketan egilea edo egileak identifikatu behar dira, haien titulazioa, eta, hala badagokio, lanbide arautua adierazita. Horrez gainera, amaiera-data eta egilearen sinadura ere jaso behar dira.